Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pitt, William

Politikari ingelesa, Pitt Gaztea izenaz ezaguna, William Pitt Zaharraren semea (Hayes, Kent, 1759 - Londres, 1806). Cambridgeko unibertsitatean ikasketak egin ondoren abokatu lanetan hasi zen 1780an. Urtebete geroago legebiltzarkide hautatu zuten eta hurrengo urtean Ekonomia ministro (Chancellor of the Exchequer) izendatu zuten. 1783an gobernua osa zezala agindu zion Jurgi III.a erregeak. Aldez aurretik zaharkitua zegoen legebiltzarra berritzeko asmoak agertu zituen, progresistagoa izan zedin. Ekonomia ministro zela Ingalaterraren eta Estatu Batuen arteko kolonietako gerren ondorioz Ingalaterrak pilatutako zorrari aurre egin behar izan zion. Zerga berriak asmatu zituen, kontrabandoari aurre egin zion, aduanetako administrazioa arindu zuen eta krisia gainditzeko bestelako ekonomia neurriak hartu zituen. Frantziako iraultzak, Ingalaterrarentzat mehatxu militarra izateaz gainera, Irlandako iraultza katolikoa bultzatu zuen. 1801ean erregeak Pitt-ek nahi zituen erreformak indarrean jartzea saihestu zuelarik, honek uko egin zion gobernuan jarraitzeari. 1804an itzuli zen aginpidera harik eta 1806an Pitt-ek bultzatutako Austria, Errusia, Suedia eta Britainia Handiaren arteko koalizioak Ulm-eko eta Austerlitz-eko guduak Frantziaren aurka galdu zituen arte. Handik aste gutxira hil zen.