Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pitt, William

Politikari ingelesa, Pitt Zaharra izenaz ezaguna (Londres, 1708 - Hayes, Kent, 1778). Eton-en, Oxforden eta Herbehereetako Utrecht-eko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta gaztetandik izan zituen harreman estuak aristokraziarekin. 1735ean Behe Ganberan jarleku bat hartzeko proposamena egin zioten eta onartu zuen. Hasieratik britainiar kolonien hedatzea izan zuen helburu, eta askoz ere garrantzi handiagoa ematen zion itsas armadari eta haren nagusitasunari Europan egin zitzaketen konkistei baino. Hizlari bikaina izan zen legebiltzarrean eta oso kargu garrantzitsuak izan zituen administrazioan. Frantziaren aurkako Zazpi Urteko Gerra hasi zenean (1756-1763) gobernua osatzeko agindua hartu zuen, hala eskatzen baitzuen herriak gerra hasieran gertatutako gudu galtzeak ikusirik. Frantziari kolonietan eta itsasoan aurre egitea erabaki zuen Pitt-ek eta horrenbestean garaipena lortu zuen Ingalaterrarentzat. Garai hartan lortu zuen Ingalaterrak Kanadaren gaineko nagusitasuna ere. 1766-1768 urteetan gobernuburu izan ondoren erretiratu zen politikagintzatik.