Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orbe y Mariaca, Juan Nepomuceno de

Bizkaitar jeneral karlista (Ermua, 1817 - Ermua, 1891). Lehen Karlistadan, Azpeitia, Gares, Larraintzar, Etxarri-Aranatz, Abartzuza, Juramendi, Arlaban, Bilbo eta Ondarroako guduetan parte hartu zuen eta ondoren Frantziara erbesteratu zen. San Carlos de la Rapitako matxinadarako itzuli zen baina Frantziara ihes egin behar izan zuen berriro 1868. urteko iraultzaren ondorioz. Brigadier izendatu zuten 1869. urtean eta Bizkaiko eta Gipuzkoako oste karlisten komisario gero. 1871. urtean Bizkaiko senadore hautatu zuten baina Mañaria, Oñati eta Gernikako guduetan borrokatu zen hurrengo urteetan eta Frantziara alde egin behar izan zuen berriro. 1873. urtean itzuli zen mariskal graduaz eta Markina, Etxebarri, Gernika, Sollube, Oñati, Azkarate, Urizaharra, Eraul, Ibero, Lizarra, Allo, Deikaztelu, Viana eta Jurramendiko guduetan borrokatu zen. 1874. urtean Bizkaiko komandante nagusi izendatu zuten eta Bilbo, Irun eta Lakarreko guduetan parte hartu zuen Karlos erregegaiaren agindupean. Frantziara erbesteratu zen gerra amaitutakoan eta 1880. urtean itzuli zen. El Estandarte Real agerkari karlistako erredaktore izan zen. 1891. urtean Kapitain Nagusi izendatu zuen Karlosek; handik gutxira hil zen.