Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orbe y Elío, José María de

(«El Manchuelo de Ermua» deitua). Gipuzkoar militar karlista (Irun, 1766 - Bordele, 1850). Humanitate ikasketak egin zituen Zaragozan eta matematikakoak akademia militarrean eta Bergarako Errege Mintegian. Frantsesen aurkako Konbentzioko gerran borrokatu zen, eta Irungo San Martzial guduan beso bat galdu zuen (1794). Basileako Ituna izenpetu zenean miliziatik erretiratu zen kapitain graduaz. 1797. urtean Ermuko alkate hautatu zuten eta 1802an Bizkaiko Jaurerriko diputatu. Urte horretan bertan joan zen Gortera zamakolada izeneko matxinada eragin zuen Simon Bernardo de Zamacolarekin batera, eta ondorioz harekin batera ezkutatu behar izan zuen Nafarroan. Frantsesek euskal herrialdeak inbaditu zituztenean euskal herritarren matxinada bultzatu zuen Orbek eta behin baino gehiagotan espetxeratu zuten horregatik. Konstituzioko Hiru Urteetan ere (1820-1823) Egia jeneralarekin batera konspiratu izana salatu eta kartzela zigorra ezarri zioten, baina ihes egitea lortu zuen. Karlistada hasi zenean Karlos erregegaiaren agindupean jarri zen, eta Bizkaikoa ez ezik, Arabako, Gipuzkoako, Santanderko eta Gaztelako matxinadak bultzatu zituen, baina lehen guduak gertatu eta gudaroste karlistak sakabanatu zirenean Nafarroan ezkutatu zen. Orbek jeneral izendatu zuen Zumalakarregi oste karlistak berriro osa zitzan. 1836. urtean Errege Kontseiluko ministro izendatu zuen Karlos erregegaiak, eta 1838an Gerra ministro. Bergarako Besarkada gertatu zenean Frantziara erbesteratu zen.