Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nazio Batuen Erakundea

edo NBE. (Ing. United Nations Organization edo UNO). Nazioarteko erakundea, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren estatuen artean bakea eta segurtasuna bermatzeko sortu zena; kultura, ekonomia eta bestelako arazoak konpontzeko estatuen elkarlana indartzea du helburu. Estatu Batuetako lehendakaria zen F.D. Roosevelt-ek jarri zion izena, 1941. urtean, hala izendatu baitzuen Alemaniaren eta haren aliatuen aurka gatazkan aritu zen estatu multzoa. Aurrenekoz 1942. urtean erabili zen ofizialki, 26 estatuk Nazioen Elkartearen Adierazpena izeneko agiria izenpetu zutenean; adierazpen horretan, gerran sortutako lankidetza gerra amaitu ondoren bertan behera ez uztea, eta bakea bakoitzak bere aldetik ez sinatzea erabaki zuten. 1945. urtean San Franciscon izan zen batzarrean erakunde horren antolamendua finkatu zuen Nazioen Elkartearen Gutuna idatzi zen; ordudanik New Yorken du egoitza. Gutunak dioenez erakundearen oinarrizko sailak Biltzar Orokorra, Segurtasun Batzordea, Ekonomia eta Gizarte Batzordea, Lurralde Fiduziarioen Administrazio Batzordea, Nazioarteko Justizia Batzordea eta Idazkaritza dira; azken atal horrek, idazkari orokorra zuzendari duela, erakundearen administrazio eginkizun guztien ardura du. Biltzar orokorra elkartekide diren estatu guztien ordezkariez osaturik dago; nazio bakoitzak gehienez bost ordezkari bidal ditzake baina bozkatzerakoan estatuek boto bana dute. Segurtasun Batzordea berriz Erresuma Batua, Errusiako Federakuntza, Estatu Batuak, Frantzia eta Txinako ordezkariek eta batzordean aldika sartzen diren beste hamar estatutako ordezkariek osatzen dute. Lehendakaritza hilabetero aldatzen da. Aski dira bederatzi boto batzordeak erabakiak har ditzan, baina bost estatu iraunkorretako ordezkariek eskubidea dute edozein erabakiri betoa jartzeko. 1945. urtean 45 estatu ziren nazioarteko erakunde horretako kide, 1982. urtean 157 inguru ziren, eta gaur egun munduko estatu guztiak, Suitza, Andorra, Liechtenstein, Monako, Nauru, San Marino, Tonga, Vatikano eta Taiwan izan ezik. Nazioen Elkarteak bakearen alde egin dituen ekintzen artean arma bidezkoak ere izan dira; hala, 1950. urtean Ipar Koreak Hego Koreari egin zion erasoari erantzuteko NBE-aren zuzendaritzapean elkarte horretako estatu batzuen gudarosteek parte hartu zuten gatazka hartan. Kongo, Zipre eta Ekialde Hurbilean izan diren arazoetan ere ekintza armatuaz parte hartu zuen NBE-ak. Azken urteotan esate baterako Persiako Golkoko gerran (1991), Jugoslavia zenean (1991-93) eta Somalian (1993) izan diren gatazketan ere izan dira gudarosteak NBE-ren zuzendaritzapean; horietan bakerako egin dituen ahaleginek ordea ez dute emaitza onik izan.