Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nazca

edo Nazka. Kolon aurreko Peruko hegoaldeko kultura (K.a. 300 inguruan - K.o. 600). Zibilizazio hau Nazca, Chincha, Ica, Palpa eta Acari haranetan garatu zen. Arrantza eta, batez ere, ureztapenaren bidezko nekazaritza lasterra haren oinarri ekonomikoak izan ziren. Nazcako zibilizazioaz eta bere arkitekturaz gauza gutxi ezagutzen da. Hari buruzko ezagupen gehienak kostaldetik 80ren bat kilometrora aurkitu diren hilobietatik datoz. Hilobi horietan zeramika ugaria eta fina, urrezko eta zilarrezko bitxiak eta antze handiz onduriko oihalak aurkitu dira. Kanpai edo giza itxurako buztinezko ontzi horiek marrazki beltz estilizatuak dituzte eta kolore guztiak agertzen dira han, urdina edo berdea izan ezik.  v  Nazcako marrak. Nazcako basamortuaren lur zoruan animaliak eta forma geometrikoak irudikatzen dituzten marrazki handiak (lerro luzeena, 168 m). Marrak azaleko lurra induskatuz eginak dira eta klima lehorrari esker gorde dira. Irudiok (armiarma bat, txori bat, tximino bat, loreak, hirukiak, espiralak, lerro zuzenak) airetik baizik ezin antzeman daitezke. Zer helburu zuten ez da jakin, baina adituen iritzian astronomiarekin zerikusia bide zuten.