Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nazioarteko Diru Sistema

Estatu edo herrialdeek beren diruei buruz truke egonkortasuna bermatzeko sortzen dituzten arau multzoa; herrialde desberdinen arteko diru trukeak antolatu eta kontrolatzeko helburua duten erakunde multzoa.  v  Diru alorrean nazioarteko elkarlana beharrezkoa da, izan ere, nazioarteko merkataritza herrialdeen aberastasun iturri izateaz gainera, bere ezaugarriengatik, era berean, herrialdeen arteko diruen desoreka iturri ere izan daiteke eta. Atzerriko herrialdeekin merkataritza harremanak dituzten herrialde gehienek defizit eta superabit komertzialak izaten dituzte, eta horiek eragina izan dezakete herrialde bakoitzeko diruak nazioarteko dibisa merkatuetan duen trukean. Merkataritza trukeez gainera, badira kapital trukeak, nola epe luzerakoak hala motzerakoak, gaur egun sarritan espekulatiboak izaten direnak. Truke horiek aldaketak ere eragiten dizkiete lekuan lekuko herrialdeetako diru trukeei nazioarteko dibisa merkatuetan. Truke tasen mugimenduek ez diote onik egiten nazioarteko ondasun eta zerbitzuen trukeari; izan ere jarduera horretan aritzen diren enpresentzat aldaketa horiek arriskutsuak baitira, gertatuko denari buruzko ezjakintasunaren iturria.  v  Nazioarteko diru sistema baten helburua, beraz, truke-tasetan egonkortasun jakin bat lortzea da. Horretarako nazioarteko dibisen merkatua dibisen eskaria eta eskaintzaren arteko joko hutsaz gidatu beharrean, alegia, flotazio edo truke-tasa aldakor baten baitan utzi ordez, erreferentzia bat ezartzen da nazioarteko diruentzat. Egonkortasuna bermatzeko muturreko sistema truke-tasa finkokoa da. Sistema horretan gobernuek beren diruek bereziki zehazten dituzte erreferentzia gisa hartzen duten elementu bati buruz. Ekonomiaren historian truke-tasa sistema finko garrantzitsuena urre patroia izan da, zeinean herrialde bakoitzak bere diruaren balioa urre kopuru finko bati buruz zehazten zuen. Gaur egun, esan behar da ohikoena truke-tasa aldakor hutseko eta truke-tasa finkoetako sistema arteko truke-tasa gidatuak direla nagusi; horien bidez truke-tasak, funtsean, merkatuaren indarrez zehazten dira, baina herrialdeek, eta zehatzago esanda banku zentralek, horien kontrolean ere parte hartuz.  v  Nazioarteko merkataritzak diru sistema antolatu bat ez badu, esaterako, truke-tasa sistema engokor baten oinarrizko arauak ezarrita ez baditu, herrialdeen arteko liskarrak areago daitezke. Esaterako, 1930eko hamarraldian, Europako estatuek beren diruaren atzerriko bihurgarritasuna mugatu zuten eta horren ondorioz, herrialde bakoitzaren lehiakortasuna areagotzea helburu zuten diruen etengabeko debaluazio prozesuan murgildu ziren (herrialde bakoitzak atzerriko herrialdeei buruzko bere diruaren balioa murrizten zuen bere esportazioak sustatzeko asmoz). Debaluazio lehia horiek alferrikakoak ziren arren, ekimenen eraginkortasuna elkarren artean ezereztatzen baitzen, horien ondorioz nazioarteko trukeak izugarri murriztu ziren, eta neurri protekzionistak ere nonahi zabaldu ziren. Arrisku horri aurre egiteko, eta ondasun eta zerbitzuen nazioarteko trukea garatu ahal izateko, nazioarteko ordainketa sistema bat antolatzen saiatu ziren.  v  Urre patroia XIX. mendearen erdialdera garatu zen, Europako eta Ipar Ameriketako herrialde industrializatuen arteko trukeak errazteko. Urre patroiak, teorian, herrialdeen arteko urrearen zirkulazio askea eta herrialde bakoitzeko diruak urreari buruz zuten bihurgarritasuna zela-eta, truke-tasen egonkortasuna eta ordainketa balantzen oreka automatikoa bermatzen zituen. Sistema horrek porrot egin zuen 1914. urtean. Genevako Konferentziaren ondorioz (1922) nazioarteko diru sistema berri baten oinarriak ezarri ziren; sistema horrek urrearen ordez libra esterlina eta dolarra ezarri zituen erreferentzia gisa, biak ere urreari buruz bihurgarriak zirenak. Hala ere, 1929. urtean Wall Street-eko burtsan izan zen crash izugarriaren ondorioz zabaldu zen krisi ekonomikoarekin batera, zenbait herrialdek bertan behera utzi zuten urreari buruzko bihurgarritasuna, eta hala ekimenak erreka jo zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zela, 1944. urtean Bretton Woods-eko Konferentzian nazioarteko diru sistema berriaren oinarriak ipini ziren. Konferentzia horretan sortu zen Nazioarteko Diru Funtsari eman zitzaion sistemaren arauak gainbegiratzeko ardura. Sistema horrek urre patroia eta dolarra zituen oinarri. Sistemaren oinarria urrearen eta dolarraren arteko truke finkoa zen: urre ontza bakoitzeko 35 dolar. Truke-tasak finkoak ziren, beraz, herrialde bakoitzeko diruak urreari eta dolarrari buruz truke jakin bat finkatua baitzuen. Estatu Batuek zuten soilik bere dirua urreari buruz bihurgarri mantentzeko betebeharra (garai haietan munduko urre erreserben bi herenak zituzten Estatu Batuek), eta beste herrialdeek, berriz, beren diruaren parekotasuna dolarrari buruz finkatu behar zuten soilik. Bretton Woods-eko sistema arazoak metatzen hasi zen oinarri zuen dolarrari buruzko konfiantza erabat galdu zenean. Zenbait arrazoirengatik (batik bat Estatu Batuek bizi izan zuten inflazio handiagatik eta Vietnam-go gerraren ondorioz merkataritza defizitak izan zuen hazkundeagatik), dolarraren aurkako espekulazio handia izan zen 1960ko hamarraldiaren amaiera aldera. Hala, 1971ko abuztuaren 15ean, Estatu Batuek, orduan lehendakaria zen Richard Nixonek hain zuzen, bertan behera utzi zuten urrearen eta dolarraren arteko bihurgarritasuna. Krisi horren ondorioz bertan behera utzi ziren truke-tasa finkoak eta trukeen aldakortasuna nagusitu zen. Orduz geroztik, muga jakin batzuen barruan aldatzen diren truke-tasak erabiltzen dira nagusiki.