Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nader, Ralph

Estatubatuar legelaria (Connecticut, 1934). Kontsumitzaileen defentsaren aitzindarietako bat da. Zuzenbide ikasketak egin zituen Princetongo Unibertsitatean (New Jersey) eta Harvardekoan. Abokatu bulego batean hasi zen lanean, eta auto istripuak ikertzen eman zuen denbora gehiena. 1965ean automobilen segurtasun falta salatu zuen liburu ospetsu baten bidez: Unsafe at Any Speed: The Designed-in Dangers of the American Automobile (Ameriketako automobilen arriskuak eta segurtasun falta). Estatu Batuetako Lan ministerioan lan egin zuen aholkulari gisa, eta autoen segurtasunaren gaineko erantzukizun federala aztertu zuen. Auto enpresak neurri eta arau berriak hartzera behartu zituen. Irabazi asmorik gabeko hainbat ikerkuntza etxe sortu zituen segurtasun gai desberdinak ikertzeko, hala nola janarien paketatzea, erradiazioen arriskua, pestiziden erabilera, ikatz meategietako segurtasuna eta abar. Beste bi liburu aipagarri idatzi ditu: The Menace of Atomic Energy (1979, Energia atomikoaren mehatxua) eta Who's Poisoning America? (1981, Nor ari da Amerika pozoitzen?).