Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nabokov, Vladimir

Estatu Batuetako idazlea, Errusian jaioa (San Petersburgo, 1899 - Lausana, 1977). Errusiar aristokraziako familia batean jaioa zen, eta bere herritik ihes egin behar izan zuen 1917ko urriko iraultzaren ondoren. Cambridge-n egin zituen ikasketak eta ondoren Estatu Batuetara joan zen bizitzera; azkenik Suitzan geratu zen. Haren lanak sarritan esperimentalak eta ilunak badira ere, betiere erudizio eta zorroztasun handia erakusten dute. Lehen lanak errusieraz idatzi zituen; aipatzekoak dira Etsipena (1936) eta Gonbidapena heriotzara (1938). Ingelesezko lan ospetsuena Lolita (1958) da; gizon heldu batek bere alabaorde gaztearekin dituen maitasun harremanak kontatzen dira bertan. Kritika eta istilu handiak sortu bazituen ere, gaur egungo prosaren klasiko bihurtu da. Beste eleberrien artean aipagarriak dira Pnin (1957), Pale Fire (1962, Su apala), eta Ada (1969). Eleberriaz gainera, beste literatura generoak ere landu zituen Nabokov-ek: poesia, kritika, autobiografia, etab. Bestalde, tximeletetan aditua zen, eta hori zela eta nazioartean ezaguna.