Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nabukodonosor IIa

Babiloniako erregea K.a. 604tik K.a. 562 bitartean, Nabopolasarren semea. Aitak utzitako erresuma zabaltzen eta sendotzen eman zuen erregetzaren parterik handiena. Aitarengandik hartu zuen erresumari Damasko eta aramearren herrialdeak erantsi zizkion aurrena. Hala ere, juduen aurka luze aritu zen gerran. Jerusalem bi bider hartu behar izan zuen, K.a. 598 eta 587 urteetan. Bigarrengoan milaka judu eraman zituen atxiloturik Babiloniara. Siria, aitak utzia zuen arren, berriro konkistatu behar izan zuen. 573an Tiron sartu zen, eta 568an Egipton. Irandarrengandik babesteko, Babiloniako hiri zaharraren eta berriaren inguruan, hurrenez-hurren 6,50 eta 3,75 m zabaleko harresiak egin zituen; horiez gainera, beste harresi bat, Babiloniatik 40 km-tara, eta tenpluak eta ubideak ere egin zituen. Idazlariek eta astronomilariek ere lan handiak egin zituzten Nabukodonosor errege zela, idatzi sakratuak berritzen eta argizagi behaketan, batez ere.