Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moore, Gerald

Britainiar pianista (Watford, Ingalaterra, 1899 - 1987). Bere jaioterrian hasi zituen piano ikasketak. 1913an bere familia Kanadara joan zen bizitzera, eta Moorek Torontoko Kontserbatorioan jarraitu zituen bere ikasketak. Britainia Handira itzuli zenean bakarlari gisa aritzeko asmoak utzi eta laguntzaile gisa hasi zen. Yehudi Menuhin eta Emanuel Feuermann-ekin sonatak jo zituen batez ere, baina bestela, Lied-ak jotzen zituen gehienbat. Abeslarien piano laguntzaile izan zen, lehenbizi Chaliapine, Frida Leider, Elisabeth Schumann, Hans Hotter (Schubert-en Winterreise eta Schwanengesang grabatu zuen harekin), Kirsten Flagstad (Wagner-en Wesendonck Lieder grabatzeko hautatu zuena) eta Kathleen Ferrier-ena. Ondoren Victoria de Los Angeles, Elisabeth Schwarzkopf, Irmgard Seefried, Christa Ludwig, Janet Baker eta, batez ere, Dietrich Fischer-Dieskau ahots ospetsuekin aritu zen. Hainbat hitzaldi eta ikastaro eman zituen mundu osoan, eta hainbat liburu idatzi zituen: The Unshamed Accompanist (1943, Laguntzaile lotsagabea), Singer and Accompanist (1953, Abeslaria eta laguntzailea), Am I too Loud? (1962, Ozenegi ari al naiz?), Schubert Song Cycles (1975, Schuberten abestiak), Farewell Recital (1978, Agur emanaldia).