Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moore, Charles Williard

Estatubatuar arkitektoa (Benton Harbor, Michigan, 1925 - 1993). Arkitektura Michiganeko Unibertsitatean ikasi zuen, eta 1957an filosofiako doktoregoa lortu zuen Princetoneko Unibertsitatean. 1991n Moore / Anderson architects sortu zuen. Robert Venturi, Romualdo Giurgola, Turnbull, Esherick, eta abarrek osatutako arkitekto belaunaldikoa da Moore. Bizitasuna da arkitekto horien guztien ezaugarrietako bat. Moore artista jantzia da, sentiberatasun handikoa; haren lanen artean aipatzekoak dira Orindo etxea (Kalifornia, 1962), piramide itxurako sabaia duena, eta urte horretan bertan egin zuen merkataritza eraikina. Sonomako (Kalifornia) konderriko zurezko etxeak (1963-1965) eta Sea Ranch kirol elkartea garai horretako arkitekturaren beste bi adibide dira, zeinetan maisutasun handiz txertatzen duen eraikina paisaiaren barruan. Aipagarriak ditu bestalde: Santa Cruz-eko Unibertsitateko Kresge College (1966-1974); Berlingo Tegel Harbor Housing (1980-1987), etxebizitza saila eta denbora librerako guneak Berlingo kaian; Rancho de Santa Fe-ko Jaiokundeko eliza (Kalifornia, 1990). 1977-1979 urteen bitartean New Orleans-eko Piazza d´Italia egin zuen, hizkuntza postmodernoaren oinarritzat hartzen dena.