Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Montaigne, Michel Eyquem de

Frantses pentsalari eta idazlea (Saint-Michel-de Montaigne, Bordele, 1533 - Saint-Michel-de Montaigne, 1592). Bordeleko parlamentuko kontseilari izan zen, baina, 1570ean, kargua utzi eta bere gaztelura itzuli zen. 1572an, Essais (Entseiuak) bere bizitzako obra handiena idazten hasi zen. Bizitza guztian aritu zen obra hori idazten, nahiz eta tarteka Italiara eta Alemaniara bidaiak egin zituen. Lehen bi liburukiak Bordelen argitaratu ziren 1580an; 1588an hiru liburuki argitaratu ziren Parisen eta hil ondoren (1595) argitaratu zen, ohar autobiografikoz betea, azken bertsioa. Étienne de la Boétie-k eragin handia izan zuen Montaigneren bizitzan. Montaignek idazle klasikoak zituen oinarri, eta haiei buruzko hausnarketaz gainera, haien bizitzako eta garaiko gertaerak aditzera ematen ditu. Klasikoak (Seneka eta Plutarko batez ere) irakurri ondoren estoizismoa eta eszeptizismoa izan ziren Montaigneren lehen garaiko ezaugarriak. Azken garaian epikureismoak hartu zuen nagusitasuna. Jakitunaren barne askatasunean oinarritzen da Montaigneren pentsamendu guztia. Montaigneren azterketen gunea gizakia da; agnostizismo modernoaren aldera jo zuen, fedearen dogmak zalantzan jartzen ez bazituen ere.  v  Montaigneren saiakerak Eduardo Gil Berak euskaratu ditu, eta 1992an argitaratzen hasi dira Entseiuak izenburupean.