Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Montana, Claude

Frantses jostuna eta diseinatzailea (Paris, 1949). Ikasketak bukatu zituenean Londresa joan zen bizitzera, hura baitzen Londres garai hartan modernotasunaren eta haustura estetikoen gunea. Hiri hartan egin zuen lehenengo bilduma, minché paperarekin eta koloretako harriekin egindako bitxiez osatua.1971n joan zen Londrestik eta pret-á-porter etxeentzat lan egin zuen Parisen eta Milanen, harik eta 1976. urtean, Juan Ferren espainiarrak bere kabuz aritzeko aukera eman zion arte, eta Bartzelonan bere bildumak egiten hasi zen. Handik hiru urtera Montanak bere etxea sortu zuen Parisen. Montanaren etxeak gero eta ospe handiagoa lortu du eta mundu osoko dendetara esportatzen ditu gaur egun bere arropak. Arropaz gainera, bitxiak, zapatak eta osagarriak diseinatzen ditu. Lehenengo bildumak hotzak eta gogorrak ziren; sorkuntzak erakartzen zuen garai hartan Montana. Poliki-poliki emakumearen gorputzarenganako interesa sortu zitzaion eta eraman daitezkeen jantziak sortu behar zituela erabaki zuen. Hasierako jantzietan larrua landu zuen batez ere, baina estilo erromantikoagora jo zuen gero. 1990ean Urrezko titarea saria jaso zuen Parisen 91ko negurako prestatu zuen bildumagatik eta hurrengo urtean sari bera jaso zuen 91ko udarako bildumagatik.