Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Michals, Duane

Estatubatuar argazkilaria (McKeesport, Pennsylvania, 1932). Vogue, Esquire eta Mademoisell aldizkariarentzat lan egin du, eta New York Times egunkariarentzat. Erretratugile gisa espezializatu zen. 1963an René Magritte pintorearen argazki sail bat egin zuen. Argazki horietan argazkilariak erretratatutakoaren nortasuna harrapatzeko duen beharra erakutsi zuen, pintorearen aurpegia ez ezik haren teoria artistikoen unibertso harrigarriaren irudikapen onirikoa sumatzen baita. Michalsek emozioak eta sentsazioak ez ezik, mezuak ere transmititu nahi izan zituen, eta irudi segidak egin zituen horretarako. Michalsek argazkiaz duen ideia berezi samarra da. Harentzat argazkia irudia ulertzeko modu bat da, errealitatearen deskripzio hutsetik aldetzen saiatzeko modu bat: "Ni ez naiz argazki gaiaren bila ibiltzen. Ez dut sekula eramaten kamerarik aldean. Nire kamera nire buruan dago…"; "Interesatzen zaizkidan irudi bakarrak ikusezinak dira". Bere konposizioek erretratatu baino gehiago irudiztatu egiten dute, unea deskribatu baino gehiago, adierazi: mamuek bahitutako haurrak, ihes doazen hilak eta zaharrak, gizon hegaldunak edo aienatzen diren aurpegiak…