Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Microsoft Corporation

Estatubatuar konpainia, munduko inportantena konputagailuen software merkatuan. William H. Gates III.ak eta Paul Allen-ek sortu zuten 1975ean. Gates eta Allen-ek eskolan ezagutu zuten elkar; programatzeko zaletasunak elkartu zituen. 1975ean BASIC programazio hizkuntzaren lehenengo bertsioa prestatzen aritu ziren, lehenengo konputagailu pertsonalarentzat, (MITS-en Altair). Lan horrek Microsoften sorrera bultzatu zituen, Alburquerquen (Mexiko Berria), urte hartan bertan. 1979an Redmond-era (Washington) aldatu zuten konpainia. 1983an Allenek dimisioa eman zuen, osasun arazoengatik, baina geroago Zuzendaritza Batzordean sartu zen atzera. 1987an 15 langile eta 500.000 dolarreko fakturazioa izatetik 1997an, 22.000 langile eta 11,4 mila miloi dolarreko fakturazioa izatera igaro zen konpainia. 1981ean, Microsoftek, programazio hizkuntzen merkatua zabaltzeko lehen urratsa eginez, MS-DOS sortu zuen, IBMko lehen ordenagailu edo konputagailu pertsonalarentzat. Orduan beste informatika tresnen fabrikatzaile batzuk konbentzitu zituen MS-DOS banatzeko, eta MS-DOS, berez, ordenagailu mota horietako software estandarra bihurtu zen. 1980ko hamarraldian, Microsoft eta IBMren arteko elkarlanak informatika industriaren lehen merkaturatze masiboa ekarri zuen, MS-DOS sistema operatiboari eta mikroprozesagailuei esker. MS-DOSek software estandar gisa izan zuen onarpen zabalak egun dagoen lekura eraman zuen Microsoft konpainia. 1991n Microsoftek eta IBMk zeinek bere bidetik segitzea erabaki zuten, hamar urteko elkarlana amaitutzat eman ondoren. IBMk Microsoftekin batera gauzatzeko asmoa zuen proiektu bati heldu zion (OS/E sistema operatiboa), eta Microsoftek, aldiz, Windows sistema operatibo grafikoa lantzea erabaki zuen. 1990ean Microsoftek Windows 3.0 jarri zuen salgai, eta 1992an Windows 3.1. 1993an Windows NT kaleratu zuen, enpresentzat diseinaturiko sistema operatiboa. 1995ean Windows 95 merkaturatu zen; salgai jarri zenetik bi hilabeteko tartean zazpi milioi kopia inguru saldu ziren. ■ Microsoften jardueraren beste alderdi aipagarri bat aplikazioen software-a izan da. 1984an Apple Macintosh ekipoentzat aplikazioak egiten zituen konpainia bakarrenetako bat zen. Macintoshen ingurune grafikoarentzat aplikazioak prestatzen lortutako esperientziari esker, arrakasta handia izan zuen Windows ingurunearentzat prestatutako aplikazioetan: Excel kalkulu orriarekin eta Word testu prozesatzailearekin, besteak beste. Gaur egun aplikazio horiek berdin erabil daitezke Windowsen eta Macintoshen. Microsoften beste produktu batzuen artean konputagailuak eta hardware osagaiak elkarrekin lotzen dituzten sare sistemak aipa daitezke. Microsoftek, bestalde, software datu baseak (Access) eta multimedia aplikazioak sortzen ditu, haurrentzako produktuetatik hasi eta kontsulta obretaraino. Hain azkar zabaltzen ari den informatika produktuen merkatu honetan, Microsoft monopolioa bereganatzeaz akusatu dute. 1990ean, Estatu Batuetako Merkataritzaren Batzorde Federalak konkurrentzia librearen kontrako ustezko jarduerez akusatu zuen, baina azkenean, erabaki bat hartu ezinik, auzia bertan behera geratu zen. Estatu Batuetako Justizia Sailak ikerlanetan jarraitu zuen eta hitzarmen bat egin zuen Microsoftekin, konputagailu fabrikatzaileei sistema operatiboak saltzeko eta baimenak emateko modua alda zezan. Hala ere, 1995eko otsailean, Estatu Batuetako epaile batek atzera bota zuen hitzarmena. Urte hartan bertan, Microsoft eta DreamWorks SKG-ek bat egin zuten aisia programa elkarreragile berriak merkaturatzeko. Halaber, Microsoftek The Microsoft Network merkaturatu zuen, Interneterako sarbidea eta informazio mota desberdin asko eskaintzen dituen zerbitzua, eta NBC telebista katearekin bat eginda, MSNBC sortu zuen, kable bidezko telebista, 24 orduz aritzen dena, albisteak, elkarrizketak, informazio orokorra eta Internet zerbitzua eskaintzen.