Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martin, Steve

Estatubatuar antzezlea eta gidoigilea (Waco, Texas, 1945). Zinema antzezle gisa da, batez ere, ezaguna, baina Emmy saria irabazi zuen 1960ko hamarraldi amaieran Smothers Brothers Comedy Hour sailerako idatzitako gidoiengatik. Umorezko saioetan hasi zen antzezle, berak idatzitako testuak interpretatuz; 1970eko hamarraldiaren erdialdera egin zen ezaguna, telebistako agerpenei esker, Saturday Night Live saioari esker batez ere. Zinemagintzari dagokionez, 1980ko hamarraldian lortu zuen ospea. Lehenengo pertsonaia ezaguna The Jerk (1979, gidoia idazten ere parte hartu zuen) filmean egin zuen, eta handik bi urtera lortu zuen erabateko ospea Herbert Rossen Pennies from Heaven (Zerutik eroritako sosak) tragikomedia musikal umore beltz garratzekoarekin. Ondoren Little Shop of Horrors-en lan egin zuen eta 1987an Roxanne interpretatu zuen (berak idatzi eta Fred Schepisik zuzendua). Azkenik, aipatzekoak dira, besteak beste, Bezero hilak ordaindu beharrik ez (1982an lankidetzan sortua eta Carl Reinerrek zuzendua), Hobe bakarrik eta ez gaizki (1987) John Hughesena, eta Ron Howarden Etxe baketsua… batzuetan! (1989).