Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malta

(Izen ofiziala, Maltako Errepublika; malteraz, Repubblika ta’Malta). Europako hego-ekialdeko estatua eta uhartedia, Mediterraneo itsasoaren erdialdean, Siziliatik 82 km hegoaldera, Tunisiatik 315 km ekialdera, eta Libiatik 335 km iparraldera. 316 km2 eta 400.214 biztanle (2006, maltarrak). Hiriburua: Valletta (6.316 biztanle, valletarrak). Hizkuntza: maltera eta ingelesa (ofizialak). Etniak: maltarrak % 96, britainiarrak % 2, besteak % 2. Erlijioa: katolikoak (% 98). Dirua: euroa. ■ Lurraldea. Maltako uhartediak bost uharte ditu. Hiru handienetan baizik ez da bizi jendea: Malta (246 km2), Gozo (67 km2) eta Comino-n (2,8 km2). Uhartedia Mediterraneo itsasoaren erdialdean dago, Siziliako uhartearen hegoaldean (Italia), Tunisiaren ekialdean eta Libiaren iparraldean. Kostaldea garaia eta malkartsua da eta sartu-irten –portu natural bikainak– asko ditu. ■ Biztanleak. Maltarrak (% 96) feniziarren, arabiarren, italiarren eta ingelesen ondorengoak dira. Britainiar jatorriko gutxiengo bat ere badago. Biztanle gehienak Maltako uhartean bizi dira, hiri txikietan. Hiriburuaz gainera, Birkirkara (22.000 biztanle), Qormi (20.000) eta Silema (13.500 biztanle) dira hiri nagusiak. Hizkuntza ofizialak ingelesa eta maltera dira. Maltera Europako hizkuntza semita bakarra da. Italiera ere oso zabalduta dago. Maltak Europar Batasuneko biztanle dentsitate handiena du, alde handiz: 1.282/km2. ■ Ekonomia. Nekazaritzak garrantzi handia du Maltako ekonomian. Lurraren % 40 inguru dago landuta, baina herrialdeko biztanle dentsitate handia dela, batetik, eta lurraren pobretasuna, bestetik, elikagaiak inportatu egin behar izaten dituzte. Patatak, tomateak, meloiak, garia, garagarra, barazkiak, fruitu arbolak, mahastiak eta loreak lantzen dira batez ere. Horretaz gainera aipagarriak dira elikagaiak eraldatzeko industria, ehungitza, altzariak, tabakoa, makina arinak, eta produktu kimikoak, besteak beste. Dena dela, ekonomia kanpo merkataritzaren mende, manufakturen mende eta, batez ere, turismoaren mende dago. ■ Historia. Malta Mediterraneoan nagusi izan diren herrien eraginpean egon da mendeetan, estrategiaren aldetik balio handia duen tokia baita. Zibilizazio megalitiko baten ondoren, feniziarren (K.a. XVIII-IX. m.), greziarren eta kartagotarren (K.a. VII. m.) bizitoki izan zen. K.a. 218. urtean Erromaren mendean gelditu zen. Elezaharrak dioenez, K.o. 60 urtean, San Paulok, zihoan ontziak hondoa jo zuelarik, Maltara iritsi eta kristau erlijioa irakatsi zien hango biztanleei. 395. urtean Erromako Inperioa zatitu zenez geroztik, Sortaldeko eskualdearen mendean egon zen Malta. Ondoren bandaloen (454), ostrogodoen (494) eta bizantziarren (533) mendean egon zen. 870. urtean arabiarren eskuetan gelditu zen; arabiarrek eragin handia izan zuten Maltako hizkuntzan eta kulturan eta Islama zabaldu zuten. 1091n Roger I.a normandiar aitonen semeak hartu zuen uhartea, eta 1245ean, Frederiko II.ak arabiarrak uharteetatik kanpora egotzi zituen. 1266an, Karlos I.a Napoli eta Siziliako lehen erregeak hartu zuen uharteen gaineko aginpidea, eta 1283an Petri III.a Aragoikoak. 1530ean Karlos I.a Espainiakoak Jerusalemgo San Juan Ordenaren (Maltako Ordena deitua gero) zaldunen eskuetan utzi zuen uhartea. XVI. mendean Malta uharteak, J. Parisot de La Valette Maltako Ordenako Maisuak egindako harresiei esker, turkiarren erasoei eutsi zien. XVII. mendean itsaslapurren babesleku izan zen. XVIII. mendearen erdialdetik aurrera Mediterraneoaren eta Sortaldearen arteko merkataritzagune nagusia izan zen frantsesentzat. Hala, 1798an, Maltako Ordena ahuldurik zegoela, Napoleonek hartu zuen Malta. Maltatarrek, britainiarren laguntzaz, frantsesak uhartetik kanpora egotzi zituzten 1800an; britainiarren babesa eskatu zuten, eta 1814az geroztik, 1964an burujabetasuna lortu zuten arte, Britainia Handiaren babespean egon zen. XIX. mendean Britainia Handiaren itsasontzien babesgune nagusia izan zen, Britainia Handia eta Indiaren arteko merkataritza harremanetan. XX. mendean isitiluak izan ziren britainiarrek Maltako hizkuntza hizkuntza ofizialtzat hartzen ez zutelako, eta Maltari autonomia onartzen ez ziotelako. Bigarren Mundu Gerran Maltak Italiako eta Alemaniako hegazkinen erasoei eutsi zien; uhartea balio handikoa izan zen gerran, handik Siziliaren eta Libiako alemaniarren arteko komunikazioa eten ahal izan baitzen. 1947an maltatarrek autonomia lortu zuten. 1964ko irailaren 21az gero (Parisko hitzarmena) Malta independentea da. 1974ko irailean errepublika egitura onartu zuten. 1979an Britainia Handiko gudarostea Maltatik atera zen, eta harrezkero ez da gune militarrik ezartzerik onartu. 1980-1982 bitarteko urteetan, Mediterraneoko petrolio hobien ustiapena zela eta, Maltaren eta Libiaren arteko harremanek okerrera egin zuten. 1984an adiskidantza eta elkarlaguntzarako hitzarmen bat izenpetu zuten bi herrialdeek. Langileen Alderdia hamasei urtez gobernuan egon ondoren (Dom Mintoff lehendabizi, eta Mifsud Bonnici gero), 1987ko hauteskundeetan Fenech Adami buru den Alderdi Abertzalea izan zen garaile. Honek Estatu Batuetara hurbiltzeko politika bideratu zuen. Inportazioak liberalizatu, merkataritzarako eremu askeak sortu, eta turismoa eta atzerritarren inbertsioa bultzatu ziren. 1992ko otsailean Lehen Ministro hautatu zuten ostera Adami, Alderdi Abertzaleak botoen % 51,77 eskuratuta eta Langileen Alderdiak % 46,50. Herrialdea Europar Batasunean sartzea zen Adamiren xede nagusia. 1993an adierazi zuenez, Maltak Europar Batasunean sartzeko baldintzak betetzen zituen, demokraziari eta giza eskubideei zegokienez, baina herrialdearen egitura ekonomikoa “zaharkitua“ zegoelakoan, oinarrizko erreformak egitea eskatu zitzaion. 1995eko ekainean Europar Batasunak diru laguntza eman zion herrialdeari erreforma horietarako, eta 1996aren bukaeran herrialdea Europar Batasunean sartzeko negoziazioak hasiko zirela iragarri zen. 1996ko urriko hauteskundeetan Langileen Alderdiak botoen % 50,7 eskuratu zituen, eta Alderdi Abertzaleak % 48,7. Alfred Sant izendatu zuten Lehen Ministro. Gobernu berriak Malta NATOtik atera zuen. Santek adierazi zuen bere herrialdeak neutral jokatuko zuela, Mediterraneoan segurtasuna eta egonkortasuna bermatzearren. Halaber, Europar Batasunean sartzeko programa geldiarazi zuen, eta sarrera hori polikiago eta pixkanaka –merkataritza libreko edo lankidetzako hitzarmenen bidez– egiteko asmoa azaldu zuen. 1998ko martxoan, oposizioak eskatutako zentsura boto batek gobernuaren dimisoa eragin zuen. Malta 2004an sartu zen, azkenik, Europar Batasunean. Gaur egun, alderdi nazionalista dago agintean, eta 2004az gero Lawrence Gozni da Lehen Ministroa. v  Maltako Ordenako Zaldunak. Leku Santuetara erromes joaten ziren kristauak babesteko XI. mendearen bukaera aldera sortu zen erlijio eta militar ordena. Jerusalemgo San Joan Ospitaleko Zaldunak izenaz ere ezagutzen da. Gerardo izeneko bat izan zen fundatzailea. I. Gurutzada baino lehen sortu zen arren, I. Gurutzada garaian, Europan eta Sirian zituen ongileek dirua eta lur sail asko harentzat eman zituztenean hartu zuen indarra, artean Gerardo buru zela. Horren ondoren buru egon zen Proventzako Raimundok idatzi zuen ordenaren erregela, XII. mendearen hasieran Aita Santuak onartu zuena. Erregela horrek hamarrenak ordaintzetik eta Aita Santua ez zen beste agintari guztien mendetik libre uzten zuen Maltako Ordena. Lur santuak defenditzeko eginkizuna ezarri zien trukean. 1522. urtean Rodas bereganatu zuen. 1530. urtean Karlos V.ak Malta eman zion, baina 1798. urtean Napoleonek kendu zion. 1961ean Erromak Maltako Ordenaren estatutu berriak onartu zituen, eta gaur egun behartsuei eta gaixoei laguntzea da Ordenaren eginbehar nagusia.
http://www.gov.mt/