Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malraux, André

Frantes idazle eta politikaria (Paris, 1901 - Créteil, 1976). Indotxinan izan zen hango arkeologia aztertzeko asmoz eta geroago Txinara joan zen. Txinan harremanak izan zituen komunistekin; Txinako iraultzaren garaikoak ditu Les conquérants (1928, Konkistatzaileak) eta La condition humaine (1933, Giza izatea) eleberriak eta La tentation de l’Occident (1926, Mendebalaren tentazioa) saiakerak. 1935ean Alemaniara joan zen, Giderekin batera, eta nazien giroa ezagutu zuen han. Malraux-ek Dimitrov buruzagi komunistaren alde jokatu zuen garai hartan. Bidaia hartatik atera zuen Le temps du mépris (1935, Mespretxurako sasoia) eleberrirako gaia. Handik urtebetera, Espainiako Gerra Zibila hasi eta, Errepublikaren aldeko Nazioarteko Brigadetan izena eman zuen. 1937an zauritua izan zen, eta urte hartan bertan, L’espoir (Itxaropena) eman zuen argitara; film bat ere egin zuen garai hartako gertakarietan oinarriturik. Bigarren Mundu Gerran De Gaulleren aldean egon zen, Frantziako erresistentzian. Gerra hartako bizikizunek eman zioten Les noyers de l’Altenburg (1943, Altenburg-ko intxaurrondoak) eleberrirako oinarria. Gerra bukatu eta, De Gaulle jeneralaren propaganda idazkari izan zen, eta kulturako ministro 1958tik aurrera. Garai hartan estetikari eta artearen filosofiari buruzko lanak idatzi zituen: Psychologie de l’art (1947-50, Artearen psikologia), Les voix du silence (1951, Isiltasunaren ahotsak), Le musée imaginaire de la sculpture mondiale (1951, Munduko eskulturen alegiazko museoa), La métamorphose des dieux (1958, Jainko itxuraldaketa). 1967an, Antimémoires (1967) izeneko oroitzapen liburua eman zuen argitara.