Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malone-Mayes, Vivienne

Estatubatuar matematikaria (Waco, Texas, 1932 - Waco, Texas, 1995). Ikasle trebea izan zen, baina hainbat arazo gainditu behar izan zituen beltza eta emakumea zelako; urte askotan eta egoera desberdin askotan baztertu izan zuten bizitzan zehar. Waco-n graduatu zen, 1948an, hamasei urte zituela, eta Texasko Unibertsitatean matematikako gradua lortu zuen bigarren beltza eta lehen emakume beltza izan zen. 1966an Baylor Unibertsitateko irakasle taldean sartu zen (bera izan zen kargu hori lortzen lehenengo beltza, nahiz eta bost urte lehenago bertan ikasteko eskubidea ukatu zioten arrazoi horrexegatik), eta hango irakasle izan zen harik eta 1994. urtean, osasun arazoak zirela medio, erretiroa hartu behar izan zuen arte. Baina irakaskuntzan ez ezik, gizarte eta erlijio lanetan ere murgildu zen eta hainbat elkartetako kide eta kargudun izan zen. Garrantzi handiko lana egin zuen arrazismoaren kontra eta emakumeen alde eta, azkenik, itzal handia lortu zuen eta begirunez hartua izan zen, bai emakumeen eta gutxiengoen aldeko taldeetan, bai nazioarteko matematikarien komunitatean.