Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malouf, David

Australiar idazlea (Brisbane, 1934). Aita Libanokoa zuen eta ama ingelesa. Unibertsitateko ikasketak Europan amaitzeko aukera izan zuen. Britainia Handia eta Italia ezagutu ondoren, Australiara itzuli zen 1968an, eta Sydneyn gelditu zen zenbait urtez. Hiri horretako unibertsitatean hasi zen lanean ingeles hizkuntzako irakasle gisa. Baina 1977an Italiara joan zen berriz ere, eta han hartu zuen bizilekua. Maloufek literatura genero guztiak ezagutzen ditu; kontakizun laburrak, antzerki lanak, poemak eta eleberriak idatzi ditu. Lehenengo lana poema liburu bat izan zen, Bizikleta eta beste poemak (1970), eta ondoren egin zituen, genero lirikoaren barruan, Lehenengo eta azkeneko gauzak (1980), Sasiko limoiak (1981) eta Poema berriak eta hautatuak. Hala ere, ospea eleberriekin lortu zuen. Lehenengo eleberria 1975ean argitaratu zuen, Johnno, eta ondoren etorri ziren Irudizko bizitza bat (1978), Peter-en ihesa (1982) eta Mundu bikain bat (1990). Elkarren oso desberdinak diren bi herrialderen arteko desberdintasunak, Australia eta Europaren artekoak hain zuzen, eta herrialde horietako bizimoduak dira Malouf-en lanen oinarri nagusiak. Bestalde, lehenaldiaren eta orainaldiaren arteko gorabeherek garrantzi handia dute bere lanetan.