Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lleida

(Esp. Lerida). Kataluniako mendebaleko hiria eta izen bereko herrialdeko hiriburua, Segre ibaiaren ertzean. 115.478 biztanle. Eskualde lau emankorraren (Pla de Lleida edo Segria) erdian dago hiriburua, muin baten oinetan (Seu Vella). Unibertsitatea. Apezpikutegia. Kataluniako mendebaleko eta, neurri handi batean, Aragoiko merkataritzagune nagusia da. Oso garrantzitsua da bertako nekazaritzako produktuen azoka. Industria biziki hazi ez bada ere, azken urteotan gora egin du (janari industria, metalurgia, kimika, ehungintza, eraikuntzarako gaiak). Arteari dagokionez aipagarri dira, besteak beste, XIII. mendearen hasierako katedral bizantziar-gotikoa, (XIV. mendeko klaustroa, XV. mendeko kanpandorrea, ate erromaniko eta gotikoak), katedral berria (1761-1781), XIV. mendeko Laurendi santuaren eliza, La Paeria edo Paheria jauregi erromaniko-berantiarra (XIII. mendeko fatxada), XV. mendeko Santa Maria erietxea eta La Alcazaba gaztelua (XII. m.).  v  Historia. K.a. III. mendean Iltirda izenaz ageri zen: ilergeteen hiriburu zen. K.a. 218. urtean suntsitu zuten hiria erromatarrek eta Lleidatik hurbil gudu latza gertatu zen Zesarren eta Ponpeioren artean (K.a. 49).IV. mendean zehar mertzenarioen erasoek hiriaren gainbehera ekarri zuten, eta suevoek 449. urtean guztiz birrindu zuten. Arabiarren inbasioa gerrarik gabe gertatu zen. Aragoiko Ramon Berenguer IV.ak berriro konkistatu zuen 1149. urtean eta ordutik XIV. mendea arte ezagutu zuen hiriak oparotasun handiena zuraren eta nekazaritzako produktuen merkataritzari esker. Ondorengo mendeetako izurriteek, goseteek (1333, 1348-1351, 1391, 1589, 1599-1600, 1834, 1854, 1865, 1885), eta gerrek (Joan II.aren aurkakoa, 1464; Kataluniako gerra, 1644, 1646 eta 1647; Gerra Zibila) hiriaren gainbehera ekarri zuten.