Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lleida

(Esp. Lerida). Kataluniako ipar-mendebaleko herrialdea. 12.028 km2 eta 355.451 biztanle. Mugak: iparraldean Pirinioez bestaldera, Frantzia eta Andorra; ekialdean Bartzelona, Girona eta Tarragona; mendebalean Huesca, eta hegoaldean Zaragoza eta Tarragona. Hiriburua, Lleida. Hiri nagusiak: Balaguer, Tarrega, Mollerusa eta Seo d´Urgel. Hizkuntzak: katalana, aranera (Aran haranean) eta gaztelera. Iparraldea oso menditsua da (Molleres, 3.010 m; Besiverri, 2.981 m; Coma-lo-forno, 3.032 m; Montardo, 2.827 m; Colomers, 2.930 m) eta hegoaldea, Ebroko sakanari dagokiona, laua. Ebro ibaiaren adarra den Segre ibaiak jasotzen du Lleidako herrialdeko ibai gehienen ura (Noguera Ribagorzana, Noguera Pallaresa, Cio eta besteak). Aran harana, Conca de Tremp, Urgellet, Urgel, La Segarra eta Las Garrigas dira Lleidako eskualde nagusiak. Kliman alde nabarmenak daude mendialdearen (klima alpinoa) eta hegoaldeko lurralde lauaren artean (klima mediterraneoa). Nekazaritza (bazkarako landareak, garagarra, garia, fruitu arbolak) eta abere hazkuntza (zerri, ardi eta behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria gutxi dago garatua eta hiri nagusietan baizik ez da aurkitzen (janari industria, ehungintza, kimika, papergintza). Zentral hidroelektriko garrantzitsuak.