Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

London, George

(Jaiotza izena, George Burnstein). Kanadar baritonoa (Montréal, 1919 - New York, 1985). Gurasoak errusiar juduak zituen. Lehen kantu hastapenak Los Angelesen egin zituen Richard Lert, Hugo von Strelitzer eta Nathan Stewartekin. 1942an egin zuen lehen erakustaldia Hollywooden. Ondoren, New Yorken ere ikasi zuen Enrico Rosati eta Paolarekin. Operako pertsonaia garrantzitsuak interpretatu zituen: Grenvil doktorea (La Traviata-n), Amonastro (Aida-n), Figaro (Figaroren ezteiak-n), Amfortas (Parsifal-en), Holandarra (Itsasontzi mamuan-en), Boris Godounov, Don Giovanni eta beste asko. Mozart eta Wagner-en interprete bikaina izan zen. Munduko leku garrantzitsu askotan kantatu zuen: New Yorkeko Metropolitan Operan, Milango Scalan, Londresko Covent Gardenen, Salzburgon eta abar. 1967an baritono karrera utzi behar izan zuen, ahots harietako paralisi baten ondorioz. Harrezkero musika irakaskuntzari lotu zitzaion, eta hainbat operatan zuzendari artistiko gisa aritu zen.