Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Knörr Borrŕs, Gorka

Arabar kantagile eta kantaria (Tarragona, 1950). Gasteizen kantatu zuen lehenengo aldiz, 1971. urtean. Lehen diskoa, Araba Kantari, kantu zaharrez osatua du. Bigarrenetik aurrera (1975, Nik nahi dudana ), berak eginiko kantuak nagusituz joan ziren, eta arrakasta handikoak izan ziren batzuk: Xoxoak, Irteerarik gabeko bideak eta Morts Pour la Patrie. Ondorengo diskoetan ildo bertsutik ekin zion, eta kantariaren gogoetak eta Euskal Herriak urte haietan bizi zuen egoerak gero eta leku handiagoa hartu zuten Knörren diskoetan: Txalaparta (1976), Herri bat gara (1978), Gutunak (1983). Kantari gisa ibilbide luzea egin ondoren, 1983an hasi zen politikagintzan, bi urtez Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren bozeramaile izanez. 1985etik 1998ra bere jarduera profesionalari emana egon ondoren, 1999ko hauteskundeetan Europako Parlamentari hautatu zuten, EA, EAJ, PA eta BNG alderdiek osatu zuten koalizioaren barruan. Urte berean EAk egin zuen V. Kongresuan alderdiaren idazkari nagusi ere hautatu zuten bere alderdikideek. Politikagintzan erabat murgilduta ibili arren, kantagintzara ere itzuli da azkenaldian, eta 2000. urtean aurkeztu zuen Gogoaren taupadak diskoa.