Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kazan, Elia

Estatu Batuetako zinemagilea, jatorriz turkiarra (Istanbul, 1909). Lau urterekin Estatu Batuetara joana. Ezkertiarra, bertako alderdi komunistako kide izan zen zenbait urtez. Antzerki zuzendaritzan jardun zuen lehenik, eta Arthur Miller-en eta Tennessee Williams-en lanak moldatu zituen. Gerora ospe handia hartu zuen Actor’s Studio ikastetxea sortu zuen. Century Fox-ek deiturik, zineman sartu zen eta zenbait saioren ondoren Izua Kalean (Panic in the Streets, 1950) eta Gutizia Izeneko Tranbia (A Streetcar Named Desire, 1952) filmekin arrakasta izan zuen. MacCarthysmoaren garaian (Joseph MacCarthy senatoreak pizturiko “sorgin ehiza”) deklaratzera deitu zuten Iparramerikaren Kontrako Ekintzen Batzordera, eta bertan bere burkide komunista ohiak salatu zituen. Jokabide koldar hori saiatu zen esplikatzen bere ondorengo filmetan eta bere autobiografian (Nire Bizitza, 1988). Kaian (On the Waterfront, 1954), salaketaren laudorioa da. Zinemagile gihartsua, Edenaren Ekialdean (East of Eden, 1955) filma gaztetxoen egonezinaren sinboloa da, James Dean antzezlea belaunaldi oso baten eredu bihurtu zuena. Bere azken film handia Belarraren Distira (Splendor in the Grass, 1961) da, Natalie Wood eta Warren Beathy-rekin. Produkzio eta gidoigintzan aritu zen gero, eta nobelagintzan.