Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kazakh

iz. Estatu Independenteen Elkarteko Kazakhstan Errepublikan eta Txinako Sinkiang Uighur Lurralde Autonomoan bizi den herri turko-mongoliarra. Kazakhak mongoliar itxurakoak dira. 5.300.000 inguru EIEn bizi dira (Kazakhstanen gehienak), 930.000 Txinan (Sinkiangen gehienak) eta 96.000 Mongolian.  v  Kazakh hizkuntza. Turkiar taldeko hizkuntza (familia altaikoaren adarra), kirgiz hizkuntzaren oso antzekoa. Gehienbat EIEko Kazakhstan errepublikan eta Txinako Sinkiang Uighur lurralde autonomoan erabiltzen da, baina baita Mongolian eta Afganistanen ere. Idazkera zirilikoa du.  v  Kazakh herria XV. mendean agertzen da historian, turkiar eta mongoliar leinu batzuen gurutzatzearen ondorioz. XVI. mendearen amaieran hiru hordatan banatu ziren: Horda Txikia (Ural eta Sari-su ibaien artean), garrantzitsuena; Erdiko Horda (Aktiubinsk eta Semipalatinsk artean) eta Horda Handia (Txu eta Ili ibaien artean), jende kopuru txikiena biltzen zuena. Historian zehar kazakh herria gutxietan batu da buruzagi baten pean. Horda Txikia 1730. urtetik Errusiaren mendeko bazen ere, 1873 arte ez ziren osoki Errusiako inperioaren barne gelditu. Nomadak izan dira XIX. mendea arte eta haien ekonomia gehienbat ardi eta zaldi aziendan oinarriturik zegoen. Kazakhen migrazioak urtaroen araberakoak ziren, abereentzako bazka-larre berriak aurkitu beharrak eraginda. Sobietar Iraultzak feudalismoa eta nomadismoa ezabatu zituen eta kazakh aristokraziak ihes egin zuen bere aziendarekin Sinkiang eta Afganistanera. Nomadismoak oraindik bizirik dirau Sinkiangeko kazakhen artean.