Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kazakhstan

(Izen ofiziala Kazakhstango Errepublika; Kazakheraz, Qazaqstan Respublikasy). Asiako erdialdeko estatu burujabea, Estatu Burujabeen Elkartearen baitako errepublika burujabea, Europa eta Asiaren artean dagoena. 2.717.300 km2 eta 15.233.244 biztanle (2008, kazakhstandarrak). Mugak: iparraldean Errusia; mendebaldean Kaspiar Itsasoa eta Errusia; hegoaldean Kirgizistan, Uzbekistan eta Turkmenistan; ekialdean Txinako Herri Errepublika. Hiriburua: Astana. Hiri nagusiak: Karaganda, Petropaulovsk, Semipalatinsk, Tchimkent. Hizkuntzak: kazakhera (ofiziala), errusiera. Etnia nagusiak: kazakhak % 41,8, errusiarrak % 36,8, ukrainarrak % 6. Erlijioak: musulman sunniak, ortodoxoak. Dirua: tenge-a. ■ Kazakhstan Sobiet Batasun ohiko errepublika izan zen 1920 eta 1991 bitartean. Harrezkero aldaketa handiak gertatu dira bertan. Adibidez, merkatu ekonomia eta pribatizazioa bultzatu dira ekonomian, eta berrikuntza demokratikoak egiteko ahaleginak egin dira; dena dela, gaur egun gorabeherak daude errusiar eta kazakhstandarren artean, ingurumeneko arazoak ere badira, eta ez da asmatu oraindik energia iturri ugariak herrialdearen bizi maila igotzeko nola baliatu. ■ Kazakhastango etnia nagusia kazakhena da, hiru sailetan banatua, baina ezin esan daiteke gehiengo nabarmena duenik beste etnien aurrean; izan ere errusiar asko bizi da bertan, batez ere hiri inguruneetan. Hizkuntzan ere ikusten da gertaera hori, hizkuntza ofiziala kazakhera den arren, jende gehiagok erabiltzen baitu errusiera. Etnia aniztasunak, edo etnia jakin batek gehiengorik izate ez horrek, arazoak sortzen ditu nazioaren barne batasunean.  v  Orografia eta hidrografia. Nahiko lurralde laua da, baina sakonune handiak ditu Kaspiar Itsasoaren inguruan. Erdialdean eta hegoaldean goi-ordokiak daude, eta han dira mendi gorenak (Altai eta Tien Shan mendiak). Kazakhstango ibai nagusia Irtysht da; ipar-ekialdean dago, eta urteko 28.000.000.000 m3-ko emaria du. Aintzirak ugariak dira. Kaspiar eta Aral aintziren ondoren, Balkhach da handiena, hego-ekialdean.  v  Kazakhstango klima kontinentekoa da, oso hotza neguan eta beroa udan. ■ Ekonomia. Kazakhstan da Sobiet Batasun ohiko errepublikarik handiena lurraldez, eta aberastasun handiak ditu energia erreserbetan eta beste zenbait mea eta metaletan; kromo, tungsteno, kobre, zink eta berun erreserba handiak daude, eta baita petrolio hobiak ere, lurpeko beste zenbait aberastasunez gainera. Kazakhstanen oparoa da nekazaritza, bertako estepa zabaletan laboreak eta abereak hazteko aukera dagoelako. Sobiet Batasunean sartu zenez gero, gora egin zuen Kazakhstango industriak, eta ordu arte jarduera nagusia izan zen nekazaritzari aurrea hartu zion; horrela, gaur egun industria da bertako ekoizpen jarduera nagusia (% 40) eta hartan ari dira langileen % 20 inguru. Meatzaritza da industria aipagarriena, eta lurpeko aberastasunak izan dira, zalantzarik gabe, bilakaera ekonomiko modernoaren oinarria. Meatzaritzaz gainera aipatzekoak dira oihal, larru eta janari industria, eta eraikuntza mekanikoak. Nekazaritzako gai nagusiak, berriz, laboreak eta azukre erremolatxa dira. Baliabide eta lur aberatsak dituelarik, Kazakhstanek bazuen ekonomia garapenerako aukerarik, baina zailtasun handiei aurre egin behar izan die. Sobiet Batasunaren desagerpenaren eraginez, ordea, eta Kazakhstango industria astunaren eskariak jaitsi izanaren ondorioz, ekonomia arazo larriak izan ziren bertan 1991z gero, batez ere 1994 inguruan. Hurrengo urteetan (1995-1997) gobernuak programa bereziak antolatu zituen ekonomia eraberritzeko eta pribatizazioa bultzatzeko. 1996an hitzarmen bat sinatu zen petrolioa garraiatzeko eta datozen urteotan petrolio esportazioa garrantzizko jarduera izango dela esan daiteke, gainerako industria jarduerekin ez baita lortu kazakhstandarren bizi maila nabarmen igotzerik. ■ Azpimarratzekoak dira inguru hartan gertatzen ari diren hondamen ekologikoak, ekonomian eta bizimoduan eragin larria izan dezaketelako. Arazo nagusietako bat bertako babeserako armen industriak eta kimika industriek sorturiko kutsadura erradioaktiboa edo kimikoa da (zenbait saiakera nuklear egin dira bertan), arriskuak ekarri baitizkie bertako biztanle eta animaliei; zenbait hiritan oso nabarmenak dira industriaren kutsaduraren ondorioak. Bestalde, Aral itsasoan itsasoratzen diren bi ibai nagusietako ura nekazaritzarako erabiltzen ari da eta itsasora gero eta ur gutxiago iristen denez, lehortzen ari da; Aral Itsasoak bere azaleraren % 40 galdu du dagoeneko. Itsasoa lehortu ahala, pestizida kimikoez eta gatz naturalaz osaturiko geruza bat osatu da itsasertz guztian, eta haizeak batetik bestera garraiatzen ditu gai horiek, kutsadura zabalduz. Aldi berean, nekazaritzan erabiltzen diren pestizida eta ongarri pozoitsuak ureztatzeko uraren bidez irazten dira, eta lurra kutsatzen eta salinizatzen ari da. ■ Gobernua eta administrazioa. Kazakhstan errepublika bat da, erregimen semi-presidentzialistan oinarritua, eta gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1995ean onartu zen erreferendumean eta 1998an berridatzi; 1998an onartu zen, besteak beste, hauteskundeak bost urtez behin egin ordez zazpi urtez behin egitea. Lehendakaria da Kazakhstango estatuburua eta hark izendatzen du Lehen Ministroa; Lehen Ministroak eta errepublikako lehendakariak ministro kontseilua aukeratzen dute. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago, eta legebiltzarra senatuaz eta Majilis erakundeaz dago osatua. Karguak bost urtez behin aukeratzen dira. ■ Historia. Kazakh herria musulmana eta nomada zen; XVIII. mendean errusiaren mende geratu zen. Orduan hasi ziren heltzen errusiar eta ukrainar etorkinak, hango aberastasunak ustiatzeko asmoz. 1917ko azaroan, errusiar inperioa desegin zenean, kazakhen buruzagi Ali Khan Bukei-k (Bukeikhanov) autonomia eskatu eta gobernu nazionalista bat antolatu zuen. Gudaroste zuriari irabazi ondoren, gudaroste gorriak Kazakhstan hartu zuen eta sobietar errepublika sozialista autonomoa bihurtu zuten. 1936an Sobiet Batasuneko errepublika sozialista federatua egin zen, eta beste kolono olde bat heldu zen Kazakhstanera; gaur egun gehiago dira errusiarrak eta ukrainarrak bertako jatorrikoak baino. 1989an hasi ziren etnien artean istiluak sortzen. 1991ko abuztuko estatu kolpearen ondoren, Kazakhstan Sobiet Batasunetik burujabe egin zen. 1991ko abenduaz gero Estatu Independenteen Erkidegoko errepublika da. 1991ko abuztuko estatu kolpearen ondoren, Kazakhstan Sobiet Batasunarekiko loturetatik askatu eta burujabe egin zen. 1991ko abenduaz geroztik Estatu Burujabeen Elkarteko errepublika da. Nursultan Nazarbayev izendatu zuten lehendakari, ordu arte Alderdi Komunista izan eta 1991n Alderdi Sozialista bihurtu zeneko burua. Nazarbayev lehendakariak adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna onartu zuen talde guztientzat, errusiarrentzat eta muturreko abertzale kazakhentzat. Errusiarrek Kazakhstango iparraldea Errusiari lotzea eskatzen zuten, eta muturreko kazakhek, aldiz, musulmanak ez zirenak beren herritik kanpora egoztea. Nazarbayevek etnien arteko gatazka areagotu zezaketen jarduerak debekatu zituen, barne batasuna babestearren. Errusiak Kazakhstango arma nuklearren gainean zuen nagusitasunaren kontra agertu zen, baina mendebaldearekin harreman onak izatearren, bere herrian halako armarik ez zuela izango agindu zuen; 1992an izenpetu zen hitzarmenaren arabera, arma horiek deuseztatu edo Errusiaren esku utzi behar ditu. 1994ko hauteskundeetan Nazarbayeven alderdia izan zen garaile. Hurrengo urtean Gorte Konstituzionalak indarrik gabe utzi zituen hauteskundeak, baina berriro hauteskundeak egin arte lehendakariak bere karguan jarraitzeko baimena eman zuen. Lehendakariak, hauteskundeetan irabazle ateratzeko adinako indarrik ez zuela jabeturik, bere agintaritza 2000. urtea arte luzatzea lortu zuen, erreferendum bidez. Urte horietan politika ekonomikoan egin ditu ahalegin nagusiak. Pribatizazioa bultzatu du eta atzerriko inbertsioak erakartzen saiatu da, baina erreformak biztanle askoren bizi maila apaltzea ere ekarri zuen. Nazioarteko politikari dagokionez, 1998an hitzarmen bat sinatu zuen Txinarekin, bi herrialdeen arteko muga lurraldeen gainean luzaroan izandako liskarrei konponbidea emateko; garai hartan indarrean ziren mugak errespetatzeko hitza eman zuten bi herrialdeek. Dena dela, hauteskundeak aurreratu egin behar izan ziren 1999ra; Nazarbayev atera zen berriro irabazle, eta ordu arte gobernuburu izan zen Nourlan Balguimbayevek jarraitu zuen Lehen Ministro. 2003. urteaz geroztik, Daniyal K. Akhmetov da Lehen Ministroa. 2007an, legebiltzarrak onartutako lege berezi bati esker, Nazarbayev bizi guztirako lehendakari izendatu zuten, eta, beraz, nahi duen guztietan aurkez daitezke kargu horretarako hautagai.
http://www.akorda.kz/