Kaxmir
Indiako antzinako erreinua, 1971ko su-etenaren ondoren Indiako Batasunaren eta Pakistanen artean banatua. Pakistango parteak Azad Kaxmir du izena eta Indiako Batasunari dagokionak Jammu eta Kaxmir. Ekialdeko partea Txinako administrazioaren mende dago. 222.800 km2 eta 6.000.000 biztanle. Biztanle gehienak musulmanak dira. Hiri nagusiak: Srinagar Indian eta Skardu Pakistanen. v Orografia. Mendi kate garaiez dago osatua, ipar-mendebaletik hego-ekialderako norabidean (gailur handiena Nanga Parbat, 8.114 m); horien artean ibar sakonak daude, antzina printzerri burujabeak zirenak. v Klima. Alpeetakoa da ipar-ekialdean eta tropikoz behekoa hego-ekialdean. v Ekonomia. Ibarrak oso emankorrak dira, eta fruituak, artoa, arroza eta tabakoa lantzen dira. Ardi aziendak ere badu garrantzirik. Industria ez da asko garatu; zeta eta lana lantzen duten familiako lantegiak dira gehienak. Mea baliabideak ugariak badira ere, ikatz eta bauxita hobi batzuk baino ez dira ustiatzen. v Historia. Musulmanak ez ziren Kaxmirrera heldu, mendien muga zela eta. Dinastia hinduen mende egon zen, 1338an azken erreginak, Kota Devi-k, bere burua hil eta erreinua sultan herri musulman bihurtu zen arte. 1739an Afganistango erreinuaren mende geratu zen, eta 1819an Ranjit Singh sikh-en marajak hartu zuen aginpidea. 1846an Britainia Handiaren mende geratu zen; Gulab Singh, Ranjit Singh-en funtzionario zena, izendatu zuten maharaja berria. Hark, Tibeten mendeko zen Ladaj herrialdea beretuz, lurraldea zabaldu zuen. 1948an, britainiarrak alde egin ondoren, Pakistanek eta Indiako Batasunak berentzat eskatu zuten Kaxmir, eta horrek bi lurraldeen arteko gerra piztu zuen. Nazio Batuen erakundeak bitartekari lanak egin ondoren, behin behineko bi partetan banatu zuten Kaxmir, erreferendum baten zain. NBE-etako erabakien kontra ordea Indiak bere osteek hartutako lurraldea beretu zuen (1957); erantzun gisa Txinako Herri Errepublikak Aksai Chin ordokia hartu zuen eta muga itun bat izenpetu zuen Pakistanekin (1963). 1965ean Indiaren eta Pakistanen arteko bigarren gerra piztu zen, baina mugak ez ziren aldatu. 1971n berriz ere istiluak hasi ziren, eta bake hitzarmenaren araberako muga zaharraren ordez beste bat jarri zuten, su-etenaren ondoriozkoa, urte bereko abenduan.