Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kaunitz, Wenzel Anton von

Austriar politikaria (Viena, 1711 - Viena, 1794). Estatuko kantziler kargua izan zuen Maria Teresa, Josef II.a, Leopoldo II.a eta Frantzisko II.aren erreinaldietan. 1748an Austriaren ordezkari izan zen Aachengo bakeaz amaitu ziren negoziazioetan. 1756an Frantziarekin Versaillesko lehen ituna izenpetu zuen, XVIII. mendeko bigarren erdialdean Europako aliantza politika berria abiarazi zuena. Zazpi Urteko gerran Prusiak izan zituen garaipenek Hubertusburg-eko bakea (1763) sinatzera behartu zuten; haren bidez Austriak Silesiako lurraldea eman zion Prusiari (1763). Zazpi Urteko gerraren ondoren Prusiarekin bake politika abiatu zuen; horrela Galitzia lortu zuen Poloniaren lehen banaketan (1772). Sortaldean ere lurraldeak eskuratzen saiatu zen turkiarrei Prusiaren kontrako laguntza emanez, baina Sistov-eko bakean (1791)Austriak eskuratutako lurralde guztiak galdu zituen. Barne politikan zentralismoaren eta erlijio tolerantziaren aldeko izan zen.