Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kaunda, Kenneth

Zambiako politikaria, lurralde horretako askatasun higikundearen buruzagia eta lehenengo lehendakaria, 1964. urtetik 1991. urtera (Chinsali, 1924). Aita eta ama eskola maisuak zituen, eta bera ere eskola maisu gisa hasi zen lanean, lehenbizi Zambian eta gero Tanganykan. African National Congress alderdian sartu zen, eta 1952an alderdi horretako idazkari nagusi izendatu zuten. 1958an alderdia utzi eta Zambia African National Independence Party erakundea sortu zuen, hura baino askoz ere erradikalagoa. Alderdi horretatik Rhodesia-Nyassa federazioa hautsi eta Zambiako estatua sortzeko borrokan ahalegindu zen. 1964an Zambiak askatasuna lortu zuen. Estatu berrian Errepublikako lehendakari, gobernu-buru eta defentsako ministro karguak hartu zituen. Kargu horietatik Afrikako herrialdeen askatasun higikundeen bultzatzaile izan zen. 1997ko amaieran Chiluba lehendakariaren aurkako estatu kolpea bultzatzeagatik atxilotu zuten, baina hurrengo urtean aske utzi zuten.