Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kausa

iz. Zerbaiten izatea mugatzen duen hastapena; ondorio bat eragiten duen gertaera edo ekintza. || Dela, direla kausa. Hori zela kausa. || -en kausaz. Ezagutzen dugu gure bekatuen kasuaz hiltzea merezi dugula.  v  Fil. Aldaketa, higikundea edo ekintza eragiten duen zera da kausa. Historian zehar adiera ugari izan ditu kausa hitzak. Aristotelesek (1) kausa materiala (gauza baten materia), (2) kausa formala (gauzaren eredua edo esentzia), (3) kausa eragilea (ondorioa sortzen duen indarra) eta (4) xedezko kausa edo helburua bereizi zituen. Beste pentsalari askok lehen kausa (5) ere aipatu izan dute, eta gehienetan Jainkoa izena eman diote kausa horri. Eskolastikak lau kausa bereizi zituen: (1) ondorioa dakarrena edo ekintzan aldaketak eragiten dituena; (2) kausa materiala edo izate berriaren sorrera dakarrena; (3) kausa formala edo materiazko sustratua izate berri bilakatzeko ekintza; eta (4) azken kausa, alegia, izate baten edo ekintza baten arrazoi eta helburu dena. Errenazimentu garaian, izadiaren azterketa zientifikoak hartu zuen garrantziagatik, kausa objektutzat hartua izan zen. Newton-ek zioenez, izadian ondorio berak, ahal den bitartean, kausa berak eragintzat hartu behar dira. Newtonen kontra, J.S. Millek kausa anitzen teoria proposatu zuen, alegia, ondorio bat kausa desberdinen ondorio izan zitekeela zioena. Gaur egun kausa energiatzat eta ekintzatzat hartzen da, materiarekin lotua edo lotu gabea.