Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kaukasia

Europaren eta Asiaren bitarteko lurraldea, Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren artean. Kaukasoko mendiek bi eskualde ongi berezietan banatzen dute: Kaukaso aurrea iparraldean, lurralde apala, estepa girokoa, poliki poliki erdialdeko Kaukaso nagusira igoaz doana; hegoaldean, Kaukasia behereko ordokiak. Biztanle gehienak errusiarrak eta ukrainarrak dira iparraldean; hegoaldean, berriz, georgiarrak, azerbaijandarrak eta armeniarrak dira nagusi. Ekoizpen nagusiak nekazaritza gaiak (garia, ekilorea, kotoia, tea) eta petrolioa (Baku, Grozni) dira. Itsaso Beltzaren ekialdeko ertzetan K.a. VII. mendetik sortu ziren kolonia greziarrak. III. mendeaz geroztik Asia erdialdeko herrien inbasioak izan ziren. Geroago Bizantzioko inperioaren eragina iritsi zen, eta georgiarren eta armeniarren artean erlijio kristaua zabaldu zen. Turkiarren mende egon zen ondoren. XIX. mendean errusiarrek konkistatu zuten (Georgia, 1801). Mendietako leinuek gogor eutsi zioten, eta zapalkuntza bortitzak izan ziren XIX. mendean zehar. 1922an Kaukasiako Errepublika Sozialista Sobietarra eratu zuten, 1936 arte iraun zuena; urte horretan Kaukasia Errusiaren, Armeniaren, Azerbaijanen eta Georgiaren artean banatu zen.