Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karamanlis, Konstantinos

Politikari greziarra (Proti, Mazedonia, 1907 - Atenas, 1998). Zuzenbide ikasketak egin zituen eta 1935etik aurrera politikan jardun zuen. 1946az geroztik ministro karguak izan zituen; 1955ean Papagos mariskalaren ondorengo izan zen gobernuburu gisa. 1959an Zurich-eko ituna izenpetu zuen, Zipreko errepublika burujabetzat onartzen zuena. 1955-1963 bitartean gobernu batzordeko lehendakari izan zen, eta aldi berean eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiaren buruzagi. Papandreuren Erdialdeko Batasunak lortu zuen hauteskundeetan garaipena; koronelek estatu kolpea eman zutenean erbesteratu behar izan zuen eta haiek gobernutik kendu arte ez zen Greziara itzuli (1974). Gobernu zibil bat osatzea hitzartu zuen militarrekin, eta bera izan zen gobernu haren lehendakaria. Hauteskundeen ondoren militarren estatu kolpe bat desegin zuen (1975). Harrezkero Europako Ekonomia Elkartera eta Balkan herrietara hurbiltzen saiatu zen. 1977an Lehen Ministro izendatu zuten eta 1981ean errepublikako lehendakari, baina sozialistek irabazi zutenean, 1985ean, kargua utzi zuen. 1990ean, kontserbadoreek berriz garaipena lortu zutenean, itzuli zen lehendakaritzara.