Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Johnson, Michael

Atleta estatubatuarra (Wako, Texas, 1967). 1990eko hamarkadan 200 eta 400 metroko lasterkari onena. Ez du 400 metroko lasterketa bakar bat galdu sei urtean, eta 200 metroak 20 segundotik behera eta 400 metroak 44tik behera egin dituen lasterkari bakarra da. Hasieran arazo ugari izan zuen; 1988an hanka bat hautsi eta ezin izan zuen Seuleko Olinpiar Jokoetan parte hartu. 1990ean 200 eta 400 metroko hogeita bat probetan parte hartu zuen eta hogeitan gelditu zen txapeldun. 1991n parte hartu zuen guztietan izan zen garaile. 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan bera zen faboritoa bi lehiaketetan, baina pozoidura bat izan zuen eta ez zuen dominarik irabazi bakarkako probetan; 4 x 400 errelebo lasterketan, ordea, urrezkoa irabazi zuen Estatu Batuetako taldeak, munduko errekor berria ezarriz (2 m 55, 74 s). 1995ean Suediako Göteborg hirian egin zen Munduko Atletismo Txapelketan 200eko eta 400eko probak irabazi zituen; hurrengo urtean bi urrezko domina irabazi zituen, proba berberetan, Atlantako Olinpiar Jokoetan, bi marka ezarriz, mundukoa 200 metrotan (19,23 s) eta olinpiarra 400 metrotan (43,49 s). 1997an Atenasen egin zen Munduko Txapelketan beretzat izan zen berriro 400 metroko munduko txapela.