Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Johnson, Rafer

Estatubatuar atleta (Hillborrough, Texas, 1935). Atletismoko probarik gogorrenean, dekatlonen espezializatua. 1955ean Joko Panamerikarretan urrezko domina irabazi zuen eta Mathiasen munduko errekorra hautsi zuen gainera, 7.985 puntu lortuz. 1956an Melbourneko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, baina min hartu zuen eta bigarren postuan gelditu zen. Orduko kalteak zirela eta ezin izan zuen bi urtez lehiaketetan parte hartu. 1960an, Erroman, Olinpiar Jokoen historiako finalik zirraragarrienetakoa bizi izan zen. Johnsonek Chuan Kwang Yang taiwandarra eta Vassily Kuznetsov sobietarra izan zituen lehiakide; Chuang hamar probatik zazpitan izan zen garaile, baina, hala ere, Johnsonek irabazi zuen lehia, 8.392 punturekin, eta errekor olinpiko berria ezarri zuen. Hurrengo urtean lehiaketatik erretiratu zen. Gaur egun kiroletarako jantziak eta tresnak egiten dituen enpresa batean lan egiten du aholkulari gisa. Horrez gainera, onegintzazko erakunde batean parte hartzen du, eta ezinduentzat kirol lehiaketak antolatzen ditu. 1984an, Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan, berak piztu zuen Koliseoko su sakratua.