Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan Paulo IIa

(Karol Wojtyla jaiotza izenez). 262. Aita Santua 1978ko urritik aurrera (Wadowice, Polonia, 1920 - Vatikano, 2005). Krakoviako bigarren apezpiku izendatu zuten 1958an, bertako artzapezpiku 1964an eta kardinal 1967an. Vaticano II. kontzilioan parte hartu zuen eta, ateismoaren kontra aurrez-aurreko borroka aldezten zutenen aurka jartzeaz gainera, erlijio askatasunaren aldeko dokumentu bat aurkeztu zuen bertan. Aita Santu aukeratu zuten Joan Paulo I.a hil ondoren, eta bera izan da jaiotzez italiarra ez den lehen Aita Santua Hadriano VI.aren ondotik (1522-1523). Entziklika ugari (Redemptor hominis, 1979; Dives in misericordia, 1980, Laborem exercens, 1981; Slavorum Apostoli, 1985; Dominum et vivificantem, 1986; Redemptoris Mater, 1987, Sollicitudo rei socialis, 1988; Redemptoris missio, 1990, Centessimus annus, 1991) eta jarraibideak (Catechesis tradendæ, 1979; Familiaris Consortio, 1981, eta Christi fideles laici, 1989) argitaratu ditu bere agintaldian. Elizaren barneko diziplinaz eta mundu zabalerako jardunaz arduratu da nagusiki Joan Paulo II.a, eta eliza barneko higikunde aurrerazalea kondenatu du, alde batetik (askapen teologiaren gaitzespena 1984 eta 1986. urteetan), eta bidaia asko egin ditu, bestetik (Afrika, Amerika, Asia, Polonia, Ingalaterra, Turkia, Euskal Herria…). Atentatu batean zauritu zuten 1981. urtean, Vaticanoko San Pedro plazan. 1992an Eliza katolikoaren kristau ikasbide berria atera zuen. Kairoko biztanleriari buruzko Konferentzian, 1994. urtean, Hirugarren Munduak sufritzen dituen gosea eta arazo demografikoen aurkako bitartekoak zirela-eta, Joan Paulo II.a abortuaren eta antisorgailuen kontra mintzatu zen. Urte horretan bertan argitaratu zen Aita Santuak berak idatziriko lehen liburua, Itxaropenaren ataria gurutzatuz. 1998ko urriaren 15ean Fides et ratio entziklika argitaratu zuen, hogeita hirugarrena bere agintaldiko hogei urteetan, eta optimismoaren kantutzat hartu dutena. Bestalde, bidaiak egiten ere jarraitu du; azken urteotako garrantzitsuena, 1998an Kubara arrakasta handiaz egin zuena bide da.