Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan Lur Gabea

Ingalaterrako erregea 1199-1216 urteetan (Oxford, 1167 - Newark, Nottinghamshire, 1216). Akitaniako dukea izan zen aurreko urteetan; haren agintaldian geratu zen Lapurdi Akitaniako dukerriaren barnean eta bera errege zelarik hornitu zen Baiona hiri gutun berri batez (1215). Henrike II.a Ingalaterrako erregearen eta Eleonor Akitaniakoaren semea zen. Filipe Augusto Frantziako erregearen laguntzaz, aitaren eta bere anaia Rikardo Lehoi Bihotzen aurkako saioak egin zituen eta Ingalaterrako errege izendatu zuten azken honen ondoren, bere iloba Artur Bretainiako dukearen kaltetan. 1202. urtean, Filipe Augusto Frantziakoak Normandia, Anjou, Maine, Touraine eta Poitou gabe uztea deliberatu zuen, Elisabet Angoulême-koa berekin eramateagatik (orduan hasi zitzaion Lur Gabea esaten Frantzia aldean). Filipe Augustok Normandia konkistatzeari ekin eta Arturren esku utzi zuen gainerako lurraldeak hartzeko kargua. 1203. urtean hil zuen Artur Joan Lur Gabeak berak eta Bretainia gabe geratu zen, bertako matxinadari ezin eutsi izan ziolarik. Ondoko urteetan Normandia (1204) eta Touraine (1205) galdu zituen.