Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan

Bizantzioko zortzi enperadoreren izena.  v  Joan I.a. Tzimiskes. Bizantzioko enperadorea 969-976 urteetan (Hierapolis, Armenia, 925 - Konstantinopla, 976). Jenerala zen eta Asiako kanpainetan nabarmendu zen. Teofano Nizeforo Fokas enperadorearen emaztearen maitalea zen eta harekin elkar hartuta hil zuen enperadorea. Ondoren, maitalea utzi eta Teodora printzesarekin ezkondu zen. Eslaviarren aurka borrokatu eta ekialdeko Bulgaria menderatu zuen (970). Palestina ia osorik hartu zien musulmanei (974-975). Basilio II.a bere ondorengoak pozoituta hil zen.  v  Joan II.a Komneno. Bizantzioko enperadorea 1118-1143 urteetan (1088 - Tauro, 1143). Alexis I.aren seme eta ondorengoa izan zen eta “Komnenotarren handiena” goitizena ezarri zioten. Petxenego turkiarrak guztiz menderatu zituen eta Bizantzioko inperioaren manupean ezarri zituen Balkanetako herriak. Asia Txikiko alde bat kendu zien turkiarrei eta uztarpeko bihurtu zituen Siriako frankoak. Genoa eta Pisako merkatariekiko loturak estutu zituen, Veneziako merkatariek Mediteraneoko ekialdean zuten nagusigoari kontra egitearren. Haren garaian eraiki zen Konstantinoplako Pantokrator monasterio ospetsua.  v  Joan III.a Dukas Vatzates. Bizantzioko enperadorea Nizean, 1222-1254 urteetan (Didimotika, Trazia, 1193 - Ninfeo, 1254). Teodoro I.aren ondorengoa izan zen, eta saiatu zen Konstantinopla gurutzatuen eskuetatik kentzen (1235). Trazia eta Mazedonia konkistatu zituen eta haren garaian hasi zen Konstantinoplako Bizantzioko inperioa berriro osatzen.  v  Joan IV.a Dukas Laskaris. Bizantzioko enperadorea Nizean, 1258-1261 urteetan (1250. urtean jaioa). Teodoro II.aren seme eta ondorengoa izan zen eta adin nagusira heldu gabea zen haren aita hil zenean. Errege-aulkitik egotzi, itsutu eta giltzaperatu egin zuen Mikel VIII.a Paleologoa erregeordeak.  v  Joan V.a Paleologoa. Bizan_tzioko enperadorea 1341-1391 bitartean (1332 - 1391). Androniko III.aren semea zen. Joan Kantakuzenok piztu zuen gerra zibilaren garaian (1355) adin nagusira heldu gabea zen eta ezin galarazi izan zuen turkiarrek beren hiriburua Andrinoplan finkatzea (1365). Erroma eta Veneziarekin hitzarmenak sinatu zituen, baina ez zuen turkiarren aurkako mendebaleko laguntzarik jaso. Androniko IV.a bere semeak kendu zuen aginpidetik 1376an eta Murat sultan turkiarrak lagundu zion berriro tronura itzultzen, 1379an. Horren ondoren Turkiarren nagusigoa onartu zuen.  v  Joan VI.a Kantakuzeno. Bizantzioko enperadorea 1347-1351 urteetan (Konstantinopla, 1293 - Mistra, 1383). Joan V.aren erregeordea zen eta Ana Savoiakoak kendu zuen postu horretatik 1341ean. Turkiarren eta eslaviar ren laguntzarekin 1347an Konstantinoplako hiriaz jabetu zen eta enperadore nagusi adierazi zuen bere burua. Serbiarren, turkiarren eta genoarren erasoek, Tesalonikako zeloteen matxinadek eta barneko erlijio-borrokek guztiz ahitu zuten inperioa. Joan V.ak menderatu zuen 1354. urtean eta Athos mendira eta Mistrara erretiratu zen orduan. Historia oroitzapenak biltzen dituzten idazki garrantzitsuak (1320-1356 urteak) utzi zituen.  v  Joan VII.a Paleologoa. Bizantzioko enperadorea 1390. urtean eta 1399-1402 urteetan (1366 - Athos mendia, 1420). Joan V.a aitonaren aurka jarri zen, Baiazid sultan turkiarrak lagundurik; 1390. urtean Konstantinoplako hiriaz jabetu zen, baina Manuel II.a osabak egotzi zuen bertatik. Manuel II.a turkiarren aurkako gerrarako mendebaldarren laguntza eske joana zen bitartean Bizantzioko koroaz jabetu zen. Manuel II.ak berriro ere egotzi zuen 1402. urtean eta ondoren enperadore geratu zen Tesalonikan.  v  Joan VIII.a Paleologoa. Bizantzioko enperadorea 1425-1448 urteetan (1390 - 1448). Manuel II.aren seme nagusia zen eta anaiekin batera gobernatu zuen. Turkiarrek Tesalonika konkistatu zutenean, mendebalera jo zuen laguntza bila eta Eugenio IV.a Aita Santuarekin hitzartu zuen Erromako eta Greziako eliza kristauen batasuna, Erromako Aita Santuen mendean (Ferrara-Florentziako kontzilioa, 1439), laguntza militarraren truke. Jaso zuen laguntza guztiz urria izan zen eta Greziako herriak, fraide ortodoxoek xaxatuta, ez zuen inola ere batasun hori onartu. Gurutzatuek izugarrizko porrota izan zuten Varnako hirian turkiarren aurka 1444. urtean, eta Bizantzioko inperioa Konstantinoplako hiria baizik ez zen izan hurrengo urteetan erabat suntsitu zen arte (1453). Konstantino XI.a, Joan VIII.aren ondorengoa, izan zen Bizantzioko azken enperadorea.