Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ishiguro, Kazuo

Japoniar jatorriko idazle britainiarra (Nagasaki, 1954). Sei urte zituela joan zen Britainia Handira eta Kenteko Unibertsitatean ikasi ondoren, sormen idazketan doktoratu zen East Angliako Unibertsitatean, Malcolm Bradbury idazlea irakasle zen ikastaldean. 1980an zenbait ipuin eta artikulu argitaratu zituen aldizkarietan, eta 1982an argitaratu zuen bere lehen nobela, Muinoetako argi margula. Nobela horrek Winifred Holtby saria irabazi zuen. Egunaren azken hondarrak (1989) nobelak laudorio ugari jaso zuen, eta Booker saria irabazi zuen; bertan maiordomo ingeles baten oroitzapenak kontatzen dira lehen pertsonan, tonu harro eta erreprimituan, eta agerian gelditzen da zer-nolako kostua izan duen bere zerbitzari bizitzak. Miresmen handia sortu zuten ingeles kutsu erabatekoa duten kontatzeko erak eta pertsonaiek, xehetasun historikoen ikerketa zorrotza dutela oinarrian. 1993an James Ivoryk film bat egin zuen nobela horretan oinarrituta, ospe handia izan zuena. Ishiguroren hurrengo nobelak harrituta utzi zituen kritikariak; izan ere, Nahigabetua (1995) nobelak ez zuen aurrekoarekin batere zerikusirik, Kafka gogorarazten duen eta amets gaiztoa dirudien kontakizun luze, surrealista eta argumenturik gabea baita.