Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibáñez i Escofet, Manuel

Katalan kazetari eta idazlea (Bartzelona, 1917 - Bartzelona, 1990). Bere obra katalanez idatzi zuen. Kazetaritzan II. Errepublika garaiko azkenaldera hasi zen, 1938an, El Matí egunkari katolikoko erredaktore gisa; politikoki, Unión Democrática de Cataluña alderdiari lotuta zegoen egunkari hori. Gerra zibila bukatutakoan, eta bere iragan errepublikazalea zela-eta hainbat arazo izan ondoren, 1952an ideologia karlistako El Correo Catalán egunkariko zuzendari izendatu zuten, eta egunkari hura modernizatzen eta katalanizatzen lagundu zuen. 1968an beste egunkari baten zuzendaritza hartu zuen, Tele-Exprésena, eta demokraziaren aldeko taldeen bozeramaile bihurtu zuen. Horrek ateak zabaldu zizkien kazetari belaunaldi berriei, haien artean Manuel Vázquez Montalbán, J. M. Huertas Clavería, Francisco Candel, Pere Oriol Costa, eta abarri. 1975ean, kargua utzi, eta garai hartako La Vanguardia Española egunkariaren zuzendaritza taldean sartu zen. Bertan jardun zuen hil arte, eguneko zutabe bat idatziz. Lankidetza ugari ere egin zuen prentsan: La corda fluixa (1971) eta Les arrels i les fulles (1985). Bestalde, Josep Tarradellas eta Jordi Pujol Generalitateko presidenteen aholkulari izan zen. Garai horretan Les nostres coses, Desperta ferro eta La nostra gent telebistako saioen zuzendaria izan zen. 1990ean, hil baino lehenago, Memòries lana argitaratu zuen.