Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hughes, Ted

Britainiar idazlea eta poeta (Mytholmroyd, Yorkshire, 1930 - Devon, 1998). Jaioterriko dialektoan idatzi zituen bere lanak. Hasierako poemetan Yorkshireko eremu babesgabeetan ikusten zuen animalia harraparien, hegaztien eta ehiztarien basakeria deskribatu zuen. “The Jaguar” (“Jaguarra”) eta “Hawk Roosting” (“Zapelatzaren pausatzea”) poemetan, esate baterako, animalien bizitzaren basakeriaren eta bizitasunaren arteko aurkakotasuna erretratatu zuen. Bizitza naturalaz egin zituen gogoetak oso errealistak dira, eta animalien eta gizakien esperientziak lotzen dituen balio sinbolikoa dute. Hughesen lanetan beti agertzen dira jatorri bateko eta besteko folklorearen eta mitoaren elementuak, eta horrekin guztiarekin bere mitologia pertsonala osatu zuen. Cambridgen literatura ingelesa, arkeologia eta antropologia ikasi zituen, eta han ezagutu zuen Sylvia Plath poeta amerikarra. 1956an ezkondu eta Estatu Batuetara jo zuten. Estatu Batuetan, 1958ko Guinnes poesia saria jaso zuen The Hawk in the Rain (1957, Zapelatza euritan) poema liburuagatik. Guggenheim Fundazioaren beka bati esker, 1959 arte egon ahal izan zen Estatu Batuetan, eta bitarte hartan idatzi zuen Lupercal (1960) liburua, Somerset Maugham saria eta Hawthornden saria irabazi zituena. 1963an Hughes eta Plath banandu egin ziren eta Plathek bere buruaz beste egin zuen urte berean. 1998an, hil aurretik, harreman horretan oinarritutako poema liburua argitaratu zuen, Birthday letters (Urtemugako gutunak), kritikarien esanetan bere maisu lana. Urte amaierarako ia 150.000 aleko kopuru harrigarria saldua zuen liburuak. Poesiaz gainera irratirako dramak eta haurrentzako ipuinak ere idatzi zituen.