Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hugo, Victor

Frantses idazlea (Besançon, 1802 - Paris, 1885). Aita Napoleonen armadako jenerala zenez, hara-hona ibili behar izan zuen txikitatik (Korsika, Calabria, Euskal Herria, Madril). Bidaiak eta Parisko egonaldiak tartekatu zituen. Erromantiko askoren antzera, Napoleonen balentrien eraginpean eman zuen heziketa aroa. Ikasketak alde batera utzirik, literatura bideari ekin zion: “Chateaubriand izan nahi dut” zioen 15 urtean. 1819an Tolosako (Okzitania) Lore Jokoetan lorturiko arrakastak gora egin zuen bere lehen poesia liburua argitaratzearekin: Odes et Ballades (1822, Odak eta baladak). Urte berean Adèle Foucher-ekin ezkondu zen eta ondoko urteak guztiz emankorrak izan ziren: Nouvelles odes (1823, Oda berriak), Ballades (1926, Baladak), Orientales (1929) poema liburuak; Han d’Islande (1823, Islandiako Han); Bug-Jargal (1826), Les derniers jours d’un condamné (1829, Kondenatu baten azken egunak) eleberriak; Cromwell (1827) lehen drama historiko erromantikoa, Marion de Lorme (1829) gobernuaren zentsurak galarazitako antzerkia. Arian-arian lehengo ideietatik urrundu eta liberalismo eta sozialismo utopikora jo zuen. Artegintzarako askatasuna aldarrikaturik, Hernani (1830) obran antzerki klasikoa alde batera utzi zuen eta haren estreinaldi iskanbilatsuaren ondorioz erromantikoak garaile izan ziren. Gero eta harrera hobea zuen antzerkigintza oparoaren aldia ireki zen: Le roi s’amuse (1832, Erregea jostatzen da); Lucrèce Borgia (1833); Marie Tudor (1833); Angelo (1835); Ruy Blas (1838). Garai bertsukoak dira bilduma liriko ezagunak: Les Feuilles d’automne (1831, Udazkeneko hostoak); Les Chants du crépuscule (1835, Ilunabarreko kantua); Les Voix intérieures (1837, Barne ahotsak); Les Rayons et les Ombres (1840, Errainuak eta itzalak). Halaber, Notre-Dame de Paris (1841) eleberri historikoarekin arrakasta handia izan zuen. 1843an Léopoldine alaba nagusia hil zitzaion. Urte berean, Les Burgraves drama historiak ez zuen harrera onik izan. Aldi baterako literaturatik aldendu eta politikan aritu zen. 1848an diputatu hautatu zuten eta ondoko urteetan demokrazia liberal eta humanistaren aldeko agertu zen. Urte haietako gertakari lazgarriek eragin handia izan zuten beragan eta gertakari haiek zirela eta Luis Napoleonen estatu kolpearen kontra jarri zen ausarki; Napoléon-le-Petit (Napoleon Txikia) idatzi satirikoaren ondorioz erbestera jo behar izan zuen 1852an, lehenik Bruselara, gero Jersey-ra eta azkenik Guernesey-n hartu zuen egoitza. Inperioa erori arte (1870) ez zen Parisa itzuli. 1859tik 1883ra hats handiko obra epikoari ekin zion: La Légende des siècles (Mendeetako elezaharra). Lirikari dagokionez, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka islatzen duen Chansons des rues et des bois (1859-1866, Kale eta basoetako kantak) obrak gailurra jo zuen. Gizonen epopeia eleberriaren moldetan ezarri zuen: Les Misérables (1862), Les Travailleurs de la mer (186, Itsasoko langileak), Quatre-vingt-treize (1874, Laurogeita hamairu). Diputatu hautatu zuten, berriro, 1871n eta Komuna onartu ez bazuen ere, haren aldekoak babestu zituen zapalkuntzaren garaian, eta, ondorioz, haientzako amnistia eskatu ere bai. L’Année terrible (1872, Urte izugarria) poema liburua gertakari lazgarri haien oroigarria da. 1878tik ezindurik bizi izan zen, baina erbestean zegoela hainbeste idatzia zuen, ezen hil artean obra berriak argitaratzen jarraitu zuen. 1885ean hil zen eta Errepublikak ohorezko hiletak eskaini zizkion. Hil ondoren, Hugo-ren obra anitz agertu dira, horien artean egunkariak eta oroitzapen liburuak. v Hugo-ren obra erraldoian genero guztiak sartzen dira, hizkuntza maisuaren trebeziaz darabil eta poesiarako etorria irudimen handiz janzten du. Erretorika konplexuaz baliatuta, Hugo-ren irudiek jite fantastikoa ematen diote errealitateari. Bestalde, jeinuari dagokion eginbehar moralaz sinetsirik dago, eta Ederrera zein Egiara iristeko gidaritzat hartzen du bere burua, urrikia eta onginahia erakusten du jende xumearenganako eta begirunea naturarekiko. v Pasaian bizi izan zen, eta euskaraz poliki moldatzera iritsi zen. Euskal herriaz gauza interesgarri asko kontatu zituen Pirinioak bere lanean.