Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hogarth, William

Ingeles pintore eta grabatzailea (Londres, 1697 - Londres, 1764). Lehen koadroetan bere garaiko ohiturak eta familia erretratuak irudikatu zituen. Grabatzaile satiriko gisa guztiz ospetsu egin zen, kanpotik etorritako modak barregarri uzten zituen Maskaradak eta Operak (1724) obrari esker. Eredu pintatuen araberako grabatu sailak egin zituen, ohiturak, erlijio hipokresia eta politikarien ustelkeria zorrozki kritikatuz: Prostitutaren bizibidea (A Harlot’s Progress, 1732); Libertinoaren bizibidea (A Rake’s Progress, 1735); Gauerdiko solasaldi modernoa (A Midnight modern Conversation, 1733-1738); Modako ezkontza (1743); Ankerkeriaren lau aroak (The four Stages of Cruelty, 1751); Hauteskundeak (1754). Bibliako pasarteak pintatzen ere hasi zen; ez zuen, ordea, arrakasta handirik lortu. Erretratuak, berriz, adierazkortasunaren maisu lanak dira: Garrick jaun-andreak, Wade mariskala, Izkira saltzailea. 1757an erregearen margolari izendatu zuten. Obra teoriko bat ere badu: Edertasunaren analisia (The Analysis of Beauty, 1753). Hogarth-ek kontakizunari sarrera eman zion margolaritzan; eskola ingelesa deiturikoaren aitzindaria da.