Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hogeita hamar urteko gerra

1618-1648 urteetan, Europako herri eta estatu anitz arrazoi desberdinengatik (erlijio, dinastia, lurraldetasun eta merkataritza arazoak) bultzatu zituzten gudu eta gerrei oro har ematen zaien izena. Europako erdialdea, Germania, bereziki ukitu zuten gerra kanpaina hauek aspaldian ezagutu zen krudelkeriarik handiena erakutsi zuten, eta gatazka amaitu ondoan (Westfaliako Hitzarmena, 1648), guztiz aldatu zen Europako lurraldeen mapa politikoa. Gatazka lehenago hasi bazen ere, 1618a hartu ohi da gerra haien hasiera garaitzat, urte hartan Europako hiri nagusietako protestanteen matxinadak areagotzeaz gainera (Pragako «leihotik egoztea», 1618ko maiatza), hasi baitzen Fernando II.a Bohemiako erregea eta Germaniako enperadoregaia absolutismo katolikoa Germaniako printzeei indarrez ezarri nahian. 1623an nagusitu zen Fernando II.a eta guztiz larriagotu zen egoera. 1625. urtean, Germaniako kanpainari ekin zion Kristian IV.a Danimarkako erregeak, Baltiko aldeko nagusigoa Suediako koroaren eskuetatik kentzeko xedean, baina porrotaren ondoren (Lübeckeko Bakea, 1629) guztiz apaldu zen Danimarkako erresuma. Poloniaren aurkako gerra bukatu ondoren, Germaniako lurretan sartzeko aukera ikusi zuen Gustabo Adolfo II.a Suediako erregeak eta, bertako printze protestante batzuen laguntzaz, Germanian sartu ziren Suediako osteak. Handik aurrera, eremu zabal askotara hedatu zen gatazka. Baltikoan une hartan zereginik ez zuela ikusirik, Errusia beretu nahi izan zuen Poloniako erregeak eta diktadore poloniar bat egokitu zen Moskun denbora batez. Polianovko bakeak (1634) Moskutik kanpora ezarri zituen poloniarrak eta Germaniako arazoetan murgilduta zegoen Suediako armadaren aurka zuzendu zituen urratsak Poloniako koroak. Katolikoak, protestanteak eta kalbinistak hasi ziren Germaniako Inperioa eskuratzeko lanetan eta Habsburgoko etxearen eta hiri eta printzerri protestanteen artean gauzatu zen borroka nagusia. Espainiako koroa Germaniako enperadorearen alde jarri zen eta aurka Frantziako koroa, Habsburgotarren aginpide gero eta handiagoaren beldur baitzen. Printzerri protestanteen alde jokatzen jarraitu zuten, bestalde, Suediako koroak eta Espainiako inperioaren aurka luzaroan borrokatu ziren Herbehereetako protestanteek. 1635. urtean gerra aldarrikatu zuen Frantziak Espainiako koroaren aurka, eta porrot batzuen ondoren, ondo eutsi zieten frantsesek Espainiako eta Germaniako inperioetako osteei. Pragaraino iritsi zen, bestalde, Suediako armada. Germaniako enperadoreak etsi behar izan zuen eta 1644. urtean hasi ziren gerra amaierako negoziazioak. Westfaliako hitzarmenaren ondoren (1648), erabat aldatu zen Europako mapa. Espainiako inperioak betiko galdu zituen Herbehereak eta baita ere Europan zuen eragina; Frantzia Europako mendebaleko estatu nagusi bihurtu zen, Suediaren mende geratu zen Baltikoaldea, Herbehereak errepublika independente gisa eratu ziren (orobat Suitzako konfederazioa) eta guztiz indartu ziren Germaniako inperioko printzerriak, Brandenburgokoa nagusiki. v Hogeita hamar urteko gerra Iberiar Penintsulan. 1635. urtean hasi zen Frantziako eta Espainiako koroen arteko gerra. 1637. urtetik aurrera, Espainiako armadak galera handiak izan zituen Europan zehar bere mendeko lurraldeetan (Flandes, Franche-Comté, Alsazia, Milan) eta indartu zituen Pirinioetako mugak. 1638. urtean alferrik saiatu ziren oste frantsesak Hondarribiko hiria hartzen, baina Ipar Katalunian, Rosellóko lurretan, sartu ziren 1639an. Austriako etxearen zentralismoak eta gehiegizko zergek ondoeza eraman zuten Kataluniako lurraldera eta 1640. urtean Espainiako inperioaren aurka altxatu ziren Kataluniako laborariak eta berehalako laguntza jaso zuten Kataluniako noble txikien eta Bartzelonako burgesiaren aldetik (Guerra dels Segadors, 1640-1652). Kataluniako independentzia zen matxinadaren helburua, baina oste frantsesak sartu ziren Katalunian eta Montjuiceko guduan espainiarren aurrean nagusitu ondoren (1641), Kataluniako abertzaleek Bartzelonako konde gisa onartu behar izan zuten Luis XIII.a Frantziako erregea. Gerra hamabi urtez luzatu zen eta Filipe IV.aren osteak nagusitu ziren azkenean (Bartzelonako konkista, 1652). Frantziako koroak beretzat hartu zituen Rosselló eta Sardiniako alde bat (egungo Ipar Katalunia) eta bi koroek betiko onartu zuten banaketa hori Pirinioetako Bakean (Faisaien Uhartea, 1659). Bestalde, 1640. urtean berean altxatu ziren Portugalgo nobleak Espainiako koroaren aurka eta 1641ean izendatu zuten Braganzako dukea Portugaleko errege, Joan IV.a izenaz. Armetara jo zuen Filipe IV.a Espainiako erregeak, baina porrota baizik ez zuen jaso berehalako laguntza jaso baitzuen Portugalek Ingalaterra, Herbehereak, Frantzia, Danimarka eta Suediako estatuetatik. Gatazka 1668. urtera arte luzatu zen eta urte hartan ezagutu zuen Espainiako koroak Portugaleko burujabetza.