Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hofmannsthal, Hugo von

Austriar olerkari eta antzerki idazlea (Viena, 1874 - Rodaun, Viena ondoan, 1929). Zuzenbide eta literatura ikasketak amaiturik, Rodaun-en erretiratua bizi izan zen, eta tarteka Frantziara eta Mediterraneoko herrialdeetara bidaiak egiten zituen. Hasierako olerkiak eta drama poetikoak Vienako dekadentismoaren arauen araberakoak dira: Gestern (1891, Atzo); Der Tod des Tizian (1892, Tizianoren heriotza); Eroa eta heriotza (Der Tor und der Tod, 1893). Venezia gertaleku duen Abenturazalea eta kantaria (Der Abenteurer und die Sängerin, 1899) izenburuko obran Hofmannsthal-ek bere gai kutuna erabili zuen: aldaketaren eta beti bat izateko premia moralaren arteko gaztazka. 1901ean poesia idazteari utzi zion, estetizismo subjektiboan ixteko arriskuari ihes egitearren. Teatro klasikoaz interesaturik, moldaerak apailatu zituen: Elektra (1904); Ödipus und die Sphinx (1906, Edipo eta esfingea); Ariadne auf Naxos (1912, Ariadna Naxos-en). Richard Strauss-ek bere operetarako hartu zituen haietako batzuk. Erdi Aroko misterioetan inspiraturiko obra bat ere badu, bereetatik ospetsuena: Jedermann (1911). Urte berean Der Rosenkavalier (Arrosaren zalduna) drama musikalaren libretoa idatzi zuen R. Strauss-entzat. Calderon-en antzerkian oinarritu zen beste bi obratan: Das Salzburger grosse Welttheater (1922, Salzburgoko munduko antzoki handia) eta Der Turm (1925, Dorrea). Prosaz ere badu obrarik: Das Erlebnis des Marschalls von Bassompierre (1900, Bassompierre mariskalaren abentura); Andreas oder die Vereinigten (1932, Andrea edo aliatuak), amaitu gabeko eleberria; Die Frau ohne Schatten (1916, Itzalik gabeko emakumea).