Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hoffmann, Ernst Theodor Amadeus

Idazle eta musikari alemaniarra (Königsberg, 1776 - Berlin, 1822). Sorterrian zuzenbide ikasketak egin ondoren, epaile lanak Glogau-ra (1796), Berlina eta Varsoviara (1804-1807) eraman zuen. Azken hiri horretan bere lanbideari zegokion jardueraz gainera, musika lanei ekin zien: orkestra bat osatu, kontzertuak antolatu eta musika idatzi zuen. Napoleonen osteek Varsovia hartutakoan (1808) kargua galdu eta Berlin eta Bamberg-era (1808-1813) joan zen. Bavariako hiri horretan musika kritika egiteaz gainera, Holbein lagunaren zuzendaritzapeko antzerkian lan egin zuen eszena eta orkestra zuzendari gisa. 1814an epaile lanetara itzuli zen Berlingo Justizia Auzitegian. Handik aurrera aisialdi guztiak literaturari eman zizkion. Ordurako Hoffmann-en zenbait obrak argia ikusia zuten, hala nola Johannes Kreislers, der Kapellmeisters, musikalische Leiden (1808, Johannes Kreisler orkestra zuzendariaren musikazko oinazeak). 1815ean ipuin liburu bat argitaratu zuen: Phantasiestücke nach Callots Manier (Fantasiak Callot-en gisara. 1816n Die Elixiere des Teufels (Deabruaren elixirra) eleberria, Hoffmann-ek behin eta berriz erabili zituen gaiak ageri direna: kontzientziaren bikoizketa, eromena, telepatia, etab. 1817an Nachtstücke (Gauezko aleak) ipuin bilduma kaleratu zen; bertan zegoen Der Sandmann (Hareetako gizona, Pello Zabaletak euskaratua) kontakizun ezaguna ere. 1819-1921 urte bitartean Die Serapionsbrüder (Serapion anaien ipuinak) bilduma argitaratu zuen. Kreisler musikagilea berriro aitzakiatzat harturik, bere autobiografia argitaratu zuen eleberri moduan eta era bitxi batean: Lebens-Ansichtendes Katers Murr nebst fragmentarischer Biographie des Kapellmeisters Johannes Kreisler (1820-1822, Murr katuaren ikuspuntuak eta aburuak Johannes Kreisler kapera-maisuaren biografia zatikatuaren gainean). Antton Garikanok itzuli ditu euskarara Hoffmann-en ipuin hautatu zenbait. v Hoffmann-en ipuinetan ametsa eta errealitatea nahasten dira; ez da ezer ametsa, sorginkeria edo eromena baino errealago, eta errealitate konkretoa, aldiz, zentzugabea gertatzen da. Autorearen irudimen biziak sorturiko fantasiazko lanak eragina izan zuen XIX. mendeko idazleengan: Baudelaire, Nodier, Balzac, Poe, Dostoievski. Freudek sakon aztertu zuen eta giro ilunetako maisutzat zuen. Zenbait musikagile ere haren lanetan oinarritu ziren: Schumann, Offenbach, Txaikovski. Musikagile gisa Hoffmannek obra asko utzi ditu: pianorako piezak, ganbera musika, koroak, operak, etab.