Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hoel, Sigurd

Norvegiar idazlea (Nord-Odal, 1890 - Oslo, 1960). Lehen Mundu Gerraren ondorioz, Mot Dag aldizkariko talde marxistarekin harremanetan jarri zen. Marxismoaren eta Freuden psikoanalisiaren eraginak ezkontzen saiatu zen bere lanetan. Literatura anglo-saxoia Norvegian ezagutarazten ahalegindu zen. Harenak dira, besteak beste, Arrantzaleak udako eguzkitan (1927); Urriko egun bat (1931); Sesamo, sesamo (1938) eleberriak. Azken horretan, satira zorrotza erabiliz, gaztedia modernoa, burgesia eta literatura taldeak kritikatu zituen. Nazien zapalkuntzaren garaian, Suediara erbesteratu zen (1943), eta erresistentzian esku hartu zuen. 1947an Muga ondoko hitzordua eleberria argitaratu zuen, nazien eta laguntzaileen psikologiaren inguruko ikerketa sakona. Hoel-en literatura lanak eragin nabarmena izan du Norvegiako literatura modernoan.