Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herzen, Alexander Ivanovitx

Errusiar filosofo eta idazlea (Mosku, 1812 - Paris, 1870). Hasieran Hegelen idealismoaren joerakoa zen; gero materialismora aldatu eta Feuerbach eta Bakuninen ideietara hurbildu zen. Errusiako populismoaren sortzailea izan zen. Ordena sozial eta ekonomikoaren errotiko aldaketa nekazari komunitateetan oin hartuz eta fase kapitalista saihestuz egin zitekeela aldezten zuen. Bere ideiengatik kartzela (1834) eta barne erbestea jasan ondoren, Parisa joan zen (1847). Handik ere egotzi zutelarik (1851), Nizan, Londresen eta Genevan bizi izan zen geroago. 1855-1869 urteetan Ipar izarra eta Kolokol (Ezkila) ezkutuko aldizkariak argitaratu zituen. Errusian zabalkunde handia izan zuten, bigarrenak batez ere. Bere-berea zuen sozialismo utopikoaren gaineko ikuskera obra askotan azaldu zuen: Ideia iraultzaileak Errusian garatzeari buruz (1851), Errusiako herria eta sozialismoa (1855). Literaturan ere, eite politikoa duten zenbait obra idatzi zituen: Nor da erruduna? (1847) eleberria; Krupov doktorea (1847) eta Mika lapurra (1848) ipuinak. Bestalde, 1848ko gertakariak deskribatu zituen Italia eta Frantziako gutunak (1850) obran.