Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herzl, Theodor

Hungariar idazle judua (Budapest, 1860 - Edlach, Austria, 1904). Sionismoaren sortzailea. Vienako Neue Freie Presse egunkariaren Parisko ordezkari zela, Dreyfus kapitainaren auziak salatzen zuen antisemitismoaren lekuko izan zen. Bizikizun horrek juduen auzirako, behin betiko irtenbide gisa, estatu judua proposatzera eraman zuen. Der Judenstaat (1895, Estatu judua) saiakeran eta Altneuland (1902, Herri zahar-berria) eleberrian sionismoaren kontzeptua azaldu zuen: estatu judu berriak arraza eta erlijio hebrearra izango zuen oinarri. Sionismoaren lehen biltzarra Basilean egin zen 1897an Herzl-en lehendakaritzapean. Estatu juduaren kokapena ez zegoen argi hasieran, eta Britainia Handiaren aurrean egin ziren negoziaketen ondorioz Uganda eskaini zitzaien, nahiz eta proposamen hori gaitzetsia izan zen sionismoaren VI. biltzarrean (1903). Banku Nazional Judua eta Funts Nazional Judua sortu zituen Herzel-ek, Palestinan lursailak erosteko xedearekin. Bere asmoak betetzearren nazioarteko jarduera diplomatikoari lotu zitzaion eta Turkiako sultana, Gilen II.a eta beste hainbat ezagutu zituen. Zentzu horretan ondorio zuzenik lortu ez eta, hasieran erlijiokideengan bero handiegirik sortu ez bazuen ere, gaur egun, Israelgo estatuaren eragiletzat hartua da.